Bilboko Euskararen Etxeak ‘Liburuaren arbola’ erakusketa ibiltaria abiatu du

Bost herri hauetan paratuko dute: Portugaleten, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon eta Gernikan, irailean hasi eta 2023ko otsailean amaituko da.

Euskararen Etxeak Liburuaren arbola izeneko erakusketa ibiltaria abiatu du, liburua bera zer den ulertu eta bere garrantzia azpimarratzeko. Erakusketak liburuaren atal nagusiak erakusten ditu: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Horretaz gain, liburuan parte hartzen duten eragileak aztertzen ditu: idazlea, editorea, irakurlea, inprenta eta, aldi berean, herritarrei euskal literatura eta argitaletxeen ekoizpenera hurbiltzen laguntzen die, Bizkaikoari arreta berezia eskainiz.

Erakusketak Bizkaiko bost udalerri bisitatuko ditu. Gaur Portugaleten hasi du bere ibilbidea, eta herriko Gazte Gelan egongo da urriaren 11ra arte. Ondarruko Kofradia Zaharra izango du bigarren geltokia, urriaren 20tik azaroaren 10era. Erakusketak aurrera jarraituko du, azaroaren 17tik abenduaren 9ra, Getxoko Punta Begoñako Ekitaldi Aretoan. Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra hartuko du Liburuaren Arbola. Eta azkenik, Gernikako Euskal Herria Museoak erakusketa paratuko du 2023ko otsailaren 7tik martxoaren 5era arte.

Gorka Arrese editoreak antolatu du erakusketa, eta hitzaldi bana eskainiko du udalerri horietako bakoitzean. Bisita gidatuen erreserbak egiteko 94 402 80 81 telefonora deitu beharko da (astelehenetik ostiralera, 8:00-20:00) edo info@euskararenetxea.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.

Liburuaren Arbola

Azaldu dutenez, “gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua. Beste batzuk dira, adibidez: gurpila, aulkia, artaziak, anestesia, elektrika. Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean”.

Erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz. “Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena”.

Zabaldu: