(argazkia: Galtzagorri Elkartea)

Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak martxan dira

Proiektuaren xedea da euskarazko haur-literaturan ezinbestekotzat ditugun obrak eskoletara eramatea, hala argitalpen berrienak nola unibertsalak. Ikasleek liburuak esku artean hartu eta irakurri, eta irakurtzean ongi pasatzea da asmoa.

Ikasturte berriarekin batera, Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak proiektuak martxan jarri ditu Galtzagorri Elkarteak. Aurten prestatu dituzten liburu-kutxak Gipuzkoako 33 eta Bizkaiko 25 eskola txikietara eramango dituztela adierazi dute.

Kutxa horiek eskoletara eraman eta aurkezpen-saioak egingo dituzte Galtzagorriko dinamizatzaileek; Imanol Mercerok Gipuzkoan eta Oihana Etxegibelek Bizkaian. Aste honetan hasiko da kutxen herriz herriko bidaia. Gipuzkoan Lizartza, Aia eta Aizarna izango dira kutxak eramango dituzten lehenengo udalerriak eta Bizkaian Zeanuri, Amoroto eta Mallabia.

Elkarteak azaldu duenez, “haurrei zuzendutako liburuez betetako kutxek ikasturte honetan egingo duten ibilbidearen hasiera baino ez da, ekaina bitartean kutxek bi lurraldeetako hainbat udalerritako eskola txikietara iritsiko dira. Proiektuaren xedea da euskarazko haur-literaturan ezinbestekotzat ditugun obrak eskoletara eramatea, hala argitalpen berrienak nola unibertsalak. Ikasleek liburuak esku artean hartu eta irakurri, eta irakurtzean ongi pasatzea da asmoa”. Dinamizatzaileek bitartekariei eta haurrei liburuak aurkeztu eta haiekin egin ditzaketen jarduerak aurkeztuko dizkiete.

2000-2001. urteez geroztik burutzen du Galtzagorri elkarteak Liburuen Altxorra/ Liburu Ibiltariak egitasmoa. Lehena Gipuzkoako Foru Aldundiari esker egin zuen. Bigarrena, Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Biek ala biek, izen ezberdina duten arren, helburu eta mami bera dute: Gipuzkoako zein Bizkaiko eskola txikietako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea, horretarako euskarazko kalitatezko liburuak baliatuz.

“Azken urteetan, errealitate zeharo desberdinak topatu ditugu bisitatu ditugun ikastetxeetan, eta egitasmoa errealitate horri egokitzeko asmoz, egun bi adar ditu: Adar batek liburuz betetako gurpildun kutxa ibiltariak ditu ardatz. Eskolaz eskola bidaiatzen dira kutxak eta ikastetxe bakoitzean hilabete inguru egiten dute. Kutxak ireki eta Galtzagorriko adituek kalitate irizpideen arabera aukeratutako liburuen gaineko dinamizazio saioak egiten dituzte. Egitasmoaren beste adarra Aholkularitza Zerbitzu Ibiltaria da. Zerbitzuaren bitartez garai batean eskola txikiak izandakoetan, baina denboraren poderioz hazi diren ikastetxeetan aholkularitza zerbitzua eskaintzen diegu irakasleei. Irakasleen formazioa, Eskola liburutegien dinamizazioa eta liburuak baloratzeko irizpideak sustatzea dira zerbitzu honen helburu nagusiak, azaldu dute.

Zabaldu: