Zortzi urteko ibilbidearen ostean, Hutsa bikoak agur esatea erabaki du . Maria Riverok eta Eriz Perezek sortutako taldeak lau disko kaleratu ditu eta han eta hemen ibili dira kontzertuak eskaintzen. Bizipen ederrak izan dituztela nabarmendu dute sare sozialen bidez.
“Aspaldi etenalditxo bat iragarri genuen bueltatzeko asmoarekin, baina bizitzak beste leku batzuetara eraman gaitu eta gaur egun ez dugu uste Hutsak merezi duena emateko prest gaudenik, beraz, agur esateko ordua heldu dela uste dugu”.
Diotenez, arrazoi asko dira agur esateko erabakia hartzera eraman dutenak: “batzuk soilik gureak eta erabaki pertsonalek eragindakoak, gure sormena eta gure nahiak beste proiektu batzuetan dauzkagu eta Hutsa maite dugun arren, ez diogu merezi duen denbora eskaintzen”.
Beste arrazoi batzuk berriz, “musikari askok bizi ditugun egoerak baldintzatuak dira. Maitasun ta mimo handiz egiten ditugun lanak duintasunez zuzenekora eramatea oso zaila egiten ari zaigu azken urte hauetan, plazak topatzea eta baldintza egokiak topatzea geroz eta konplikatuagoa izaten ari da eta honek, noski, nekea ekartzen du eta gure bidean eragina izan duela ezin dugu ukatu, gaurkoan zintzoak izango gara honekin ere.
Eskerrak ematea besterik ez zaigu falta, gure doinuak maite duzuenoi, gugan sineztu duzuenoi, proiektu honen parte modu batean edo bestean izan zaretenoi, gure motorra izan zaretenoi, gure kontzertuetara joan zaretenoi… gure hutsak bete dituzuenoi mile sker bihotzez, ez dugu inoiz ahaztuko”.
Bidai horri amaiera eder bat emateko asmoz, bikoak agur kontzertu bat iragarriko du laster.
“Ametsak zeharkatu zituzten gure eskuek eta ametsak hatz puntekin ere ukitu genituen, baina beti ez da dena erreza eta batzuetan eguzkia ikusteko begiak tapatu beharra daukagu.
Hitzik esan gabe agur esango dugu, sormenaren itsaso honetan eskerrak badakigun igerian egiten…
Zuei…
Betira arte eta eskerrik asko!”.