San Telmo Museoak bat egingo du Argazki-liburuaren Nazioarteko Egunarekin

Jarduera ezberdinak programatu ditu eta bere liburutegiko ordutegia luzatuko du.

Urriaren 14an, Argazki-liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, Anna Atkinsek 1843an argitaratutako Photographs of British Algae: Cyanotype impressions lanaren oroimenez. Ospakizunarekin bat egiteko, Donostiako San Telmo Museoak hainbat jarduera programatu ditu bere argazki-liburu bildumaren inguruan. Gainera, urriaren 4tik aurrera, liburutegiaren ordutegia luzatuko da, ostegunetan 16:00etatik 20:00etara ere ateak irekiz.

San Telmok kudeatzen du Gabriela Cendoyaren argazki-liburuen bilduma, eta dagoeneko 3.100 ale ditu. Bildumagileak 2017an utzi zituenetik kontsulta daitezke guztiak museoko liburutegian, argazki-liburuaren unibertsora sartzea errazteko, eta helburu berarekin garatzen du museoak programazioa urte osoan zehar.

Hauek dira Argazki-liburuaren Egunaren inguruan programatutako jarduerak:

Argazki-liburu laborategia, gazteentzako tailerra Julian Baron eta Jon Cazenaveren eskutik,
Zer argazki egingo zenuke gaur ahal izan bazenu? Gai hori tailerraren abiapuntua izango da. Bertan, galderen indarra aztertuko da, komunikazio eta sorkuntza tresna gisa. Laborategiak bi zati izango ditu: lehena, urriaren 14an eta 15ean, San Telmo Museoan. Bigarrena, azaroaren 18an eta 19an Kontadores Zentroan.

Bestetik, Icona y Ornamento. Fotografías, libros e imágenes como herramientas de control, Toni Amengual artistaren hitzaldia urriaren 15ean, 12:00etan.

Ezagutu Susana Romanosen eta Pello Ramirez musikariaren argazki-liburuak eta 3×4:  musika, zinema eta literatura argazki-liburuan erakusketari ematen dioten begirada pertsonala. Erakusketa Laborategi aretoan dago ikusgai urriaren 30era arte. Bi egile hauen bisita gidatuak 18:00ean hasiko dira, eta libreak dira, museoaren webgunean izena emanda, lekuak bete arte.

Zabaldu: