Euskaltzaindiak euskarak Nafarroako hezkuntzan daukan egoerari buruzko esperientzia eta hausnarketak bildu ditu liburu batean

2021ean Iruñean antolatutako Euskara Nafarroako hezkuntzan: egoera eta aukera berriak izeneko XXVI. Jagon Jardunaldian aurkeztu ziren txostenak eta bertan azaldu ziren esperientziak (denak ez, gehientsuenak) jaso dira argitalpenean.

Pasa den urtean, Euskara Nafarroako hezkuntzan: egoera eta aukera berriak izeneko XXVI. Jagon jardunaldia antolatu zuen Euskaltzaindiak Iruñean. Bertan, Nafarroan hezkuntzan lanean ari diren adituen iritzi eta ikuspegiak azaleratu ziren: besteak beste, agertu zuten gaur egun nola kudeatzen den eleaniztasuna ikastetxeetan, eta etorkizunean nola egin beharko litzatekeen ere bai, zein erronka eta aukera berri dituen euskarak gela barnean eta gelatik kanpo, eta zein egitasmo ari diren garatzen ikasgelan eta eskolaz kanpoko ekintzetan.

Esperientzia eta hausnarketa horiek liburu batean jaso ditu orain Euskaltzaindiak. “Jardunaldietan jakin nahi izan genuen nolako egoera duen euskarak Nafarroako hezkuntzan. Nola kudeatzen den eleaniztasuna ikastetxeetan orain eta etorkizunean nola egin beharko litzatekeen, zein erronka eta aukera berri dituen euskarak gela barnean eta gelatik kanpo, eta zein egitasmo ari diren garatzen ikasgelan eta eskolaz kanpoko ekintzetan”, adierazi du Sagrario Aleman euskaltzain osoak eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeburuak. “Estrategikoa da eskolan, hezkuntzan, egitasmo eraginkorrak bideratzea gero eta eleaniztunagoak diren ikasleen artean”, gaineratu du euskaltzain nafarrak.

Hortaz, liburu honetan jaso dira Jagon jardunaldian aurkeztu ziren txostenak eta bertan azaldu ziren esperientziak, denak ez, baina bai gehientsuenak. Horiez landa, egun horretan hitz egiterik izan ez, baina gaian zer esana duten aritu eta aditu zenbaiten iritziak ere bildu dira.

Akademiak gogoratu duenez, Jagon saileko Sustapen batzordeak urtero-urtero jardunaldia prestatzen du, beste hainbat ekimenen artean, euskararen estatusari buruzko gogoeta egiteko, euskalgintzan ari diren taldeekin eta herri erakundeekin bat.

Zabaldu: