Noiz utziko dio euria egiteari fikzioaren eta dokumentalaren artean bizi den sormen-lan bat da, performance zinematografiko bat, izen bera duen Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ikuskizun batean oinarritua.
Lekeitioko 45. Euskal Zine Bilerako sail ofizialerako hautatu dute Piszifaktoria Ideien Laborategiak sortutako Noiz utziko dio euria egiteari filma, eta, beraz, ostegunean hasiko den jaialdiaren barruan ikusi ahal izango da, beste hainbat euskal ekoizpenekin batera.
Filma jaialdia hasi eta hurrengo egunean, urriak 21, proiektatuko dute, Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Mikel Ayllon filmaren gidoilaria eta aktorea bertan izango da, pelikularen inguruko zenbait xehetasun azaltzeko.
Noiz utziko dio euria egiteari fikzio eta dokumentalaren artean bizi den sormen-lan bat da, performance zinematografiko bat, izen bera duen Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ikuskizun batean oinarritua. Filmak etorkizun postpandemiko bat erakusten digu, eta bizi dugun orainaldi noragabe honen inguruko hausnarketa egiteko balio du. Guillermo Ordasek zuzendu du, eta Irati Agirreazkuenaga, Igor Arzuaga eta Ayllon bera dira aktoreak.
Hego Koreako Now Here Film Festival jaialdia
Arte performatibo esperimentalean oinarritutako filmak eta bideoak ditu ardatz Hego Koreako Now Here Film Festival nazioarteko jaialdiak eta bertan Noiz utziko dio euria egiteari filma hautatu dute bere sail ofizialerako. Urriaren 21ean hasi eta 25ean bukatuko den jaialdiko programazioan izango da ikusgai euskal ekoizpen hau.
Hego Koreako ikusleek, beraz, euskaraz sortutako filma ikusteko aukera izango dute, jatorrizko bertsioan, koreera zein ingelesezko azpitituluekin.