(argazkia: DAP)

Debagoieneko Antzerki Plataformak Karoi jaialdiaren 1. edizioa aurkeztu du

Urriaren 23tik azaroaren 26ra bitartean izango da eta Antzuola izango da egoitza nagusia.

Debagoieneko Antzerki Plataformak (DAP) Karoi Debagoieneko Antzerki Jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu du. Urriaren 23tik azaroaren 26ra izango da eta Antzuola izango da egoitza nagusia.

Antzerki Plataformak azaldu duenez, “jaialdiarekin gure bailaran eraldaketa eragin nahi dugu, Debagoiena antzerkiz ongarritu, kultura kontserbatu eta gure etxea den Debagoiena eraikitzen jarraitu”.

DAP-eko kideek diotenez, “antzerkiak badu batzeko gaitasun bat, eta hori aprobetxatu nahi izan dugu bailara mailako kultur proposamena egiteko. Antzerkiaren bidez Debagoiendarrak elkartu eta bailaran erronka diren gai ezberdinak mahai gainean jarriko dira, ez bakarrik antzezlanen bidez, baizik eta programaketa zabal baten bidez”.

Egitaraua

Jaialdia urriaren 23an hasiko da Eskoriatzan Kamikaz kolektiboaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” obraren inguruko Ikusle Klubarekin. DAPek Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) lankidetzan antolatutako ekimena da ikusle kluba. Literatur solasaldien antzera, interesa duen jendeak ikusiko duen lanari buruzko xehetasun gehiagoz modu parte-hartzaile eta dinamikoan ezagutzeko gunea izan nahi du topaketa honek. Euskarazko ekoizpena jendeari hurbiltzea du helburu. Obra amaitzean berriz elkartuko dira ikusle klubari itxiera emateko.

Urriaren 28an, berriz, Lanku Kultur Zerbitzuak-en Erre, Aldarri bat bertsoz taularatuko du. Honetan, antzerkiak bertsolaritzarekin topo egiten du, askotariko diziplina uztartzen dituen obra bat sortuz. Antzezlana Torresoroan eskainiko da, Antzuolan, 19:00etan eta horren aurretik, 18:00etan, ikusle kluba egongo da Olaran eraikineko 2.solairuan.

Aramaion egingo den helduentzako antzerki tailerrarekin hasiko da azaroko programazioa. Udalarekin elkarlanean hiru saiotan banatutako ikastaroa antolatu da hasiberrientzat, eta azaroaren 5, 12 eta 19an egingo da 10:00etatik 14:00etara. Ikastaro honen helburua herrian antzerkiarekiko interesa sustatu eta ikastaro jarraia emateko taldea sortzeko saiakera egitea da.

Azaroaren 8an Alaine Agirre idazlearen hitzaldia izango da Irazan Guneak Oñatiko kultur etxeko zinema aretoan 18:00etan. Emanaldi hau Irazaneko kide diren Amaia Castañeda eta Irene Balzategi antzerkigileen proiektu baten barruan sartzen da, zeintzuek idazlearen Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama liburuan oinarritutako antzerki obra oholtzara eramango duten 2023an. Proiektua ez da bakarrik antzerki obra izango, prozesua herrira zabaltzeko eta emakumeen sormena bultzatzeko ekintza ezberdinak egingo dira, horien artean hitzaldi hau. Emanaldian liburuaz ez ezik, euskarazko emakume sortzaileen inguruan ere arituko dira.

Azaroaren 4an Eneritz Artetxeren Lakoste bakarrizketa izango da 19:00etan Antzuolako Torresoroa antzokian. Obra honetan ere ikusle kluba egongo da, 18:00etan Olaraneko 2.solairuan.

Azaroaren 15erako mahai-inguru bat antolatu dute, zeinetara euskarazko antzerkigile ezberdinak gonbidatu dituzten hizlari moduan, horien artean Eneritz Artetxe eta Iñaki Ziarrusta. Zergatik antzerki talde bat herrian? galderari erantzuten saiatuko dira solasaldian zehar, antzerkigintzak herriari egiten dion ekarpenean sakonduz.

Azaroaren 19an, Irazan Guneak Irazan Eguna antola du. Honen bidez elkarteko kide diren proiektuetako partaideak elkartuko dira eta beste behin herriko kaleak hartuko dituzte antzerkiaren bidez.

Azkenik, azaroaren 26rako gazteei zuzendutako ekintza antolatu da, Antzuolako Gazte Txokoan Kale Antzerki tailerra egingo da 17:00etatik 20:00etara. Tailerra amaitzean kalera irtengo dira arratsaldean sortutakoa erakusteko.

Hauetaz gain, sormena ere bultzatu nahi izan dute jaialdian, hori dela eta Sormen Egonaldia ere egongo da. “Sormen Egonaldiak oso ohikoak dira arte eszenikoetan, konpainia edo artistei beraien proiektuan buru-belarri murgiltzeko aukera ematen diete, eta oso baliagarriak dira prozesuan zehar. Hala, bada, azken emaitzak ez ezik, bidea ere erakutsi nahi izan dugu, eta egonaldia sortu dugu Debagoieneko antzerki taldeei zuzendua. Deialdira lau proiektu aurkeztu dira, guztiak emakumeenak, eta urriaren 23rako DAPeko zuzendaritzatik sortutako talde batek egonaldia egiteko proiektuetako bat aukeratuko du, zeina diruz eta egonaldia egiteko espazioz lagunduko den. Aukeratutako proiektuak gainera prozesu irekiera bat egingo du herrian, bere proiektuari lotutako ekintza bat hain zuzen ere, herriari antzerki sormenaren beste zati bat erakutsiz eta prozesua bera elikatuko duen ekimena proposatuz.

Programazioaren inguruko informazio zabalagoa, sarrerak eta izen-emateak www.dap.eus webgunean jarriko dituzte ikusgai eta baita gure sare sozialetan ere.

Zabaldu: