Itxaro Borda idazlea eta Andres Alberdi hizkuntzalaria, euskaltzain oso izateko hautagai

Itxaro Borda idazle lapurtarra Xarles Videgainen hutsartea betetzeko hautagaia da, eta Andres Alberdi hizkuntzalari gipuzkoarra Andoni Sagarnaren hutsartea betetzeko aurkeztua izan da. Azaroko Osoko bilkuran jakingo da euskaltzain emerituen lekuak zeintzuk hartuko dituzten.

Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan egin den Osoko bilkuran, Itxaro Borda idazlearen eta Andres Alberdi hizkuntzalariaren izenak aurkeztu dira euskaltzain oso izateko hautagai. Akademiak gogoratu duenez, Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatera igaro ziren uda aurretik, eta uztailaren 22an zabaldu zen bi-bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzale lapurtarrak ekainaren 30ean 75 urte bete zituela eta, euskaltzain emeritu bilakatu zen, Euskaltzaindiaren barne-arauek xedatzen dutena aintzat hartuta. Beste horrenbeste gertatu zen Andoni Sagarnarekin; Donostiako euskaltzain osoak uztailaren 11n bete baitzituen 75 urte.

Horretara, AEuskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, azaroko Osoko bilkuran egingo den bozketatik aterako dira euskaltzain oso berrien izenak.

Hona hemen hautagaien profil laburrak:

Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria, 1950). Filosofian lizentziaduna. Irakaskuntzan aritua 38 urtean. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.

Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua.

2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da. 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an. Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Andres Alberdik. Tartean, Bidegileak bildumako bi kaiera (Manuel Larramendi eta Agustin P. Iturriagaren jardun eta bizitzari eskainitakoak), Oinarrizko gramatika (2008, Donostia: Elkar) eta Ahoskera (2014, Gasteiz: EIMA. Eusko Jaurlaritza).

Itxaro Borda (Baiona, 1959). Oragarrekoa da familiaz. Historiako goi-mailako ikasketak egin zituen eta gaur egun postari ogibidetik erretiratua da. Idazlea, poeta, artikulu eta abestien testu-egilea da Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. Gazte-gazterik hasi zen izkiriatzen Herria astekarian eta ordutik ez da gelditu. Euskadi Literatura saria irabazi zuen 2002an %100 Basque obrarekin, frantsesez atera zen 2004an eta gazteleraz 2012an. Mugarriak finkatu dituzten nobelak eta olerki bildumak plazaratu ditu Maiatz, Susa, Alberdania eta Elkar argitaletxeetan, bereziki Amaia Ezpeldoi detektibearen eleberriak. Hondar mende erdiko euskal gizartearen bilakaeraz idazten du, ikuspuntu periferiko batetik, hots, Ipar Euskal Herritik, historizitatetik eta feminismotik. Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroaren 26an.

Zabaldu: