Hilaren 14tik 27ra bitartean egingo da jaialdia Donostian.
Literaktum letren jaialdiak azaroaren 14tik 27ra du aurtengo hitzordua. Sail eta proposamen berriekin eta, beti bezala, kolaborazio-sare zabalarekin gauzatuko da, bestelako lengoaia eta diziplinekin elkarrizketan literaturara hurbiltzea duen nortasun ezaugarriari eutsiz.
Badira 70 urte Nazioarteko Zinema Astea sortu zela Donostian, bokazio zinematografiko eta komertzialarekin. Donostiako Zinemaldiaren 70. ediziora heldu da, sortu zeneko gogo bizi berberaz eta abiatu zenetik etenaldirik gabe. Urteurren hori aintzat hartuta, Literaktumek Literatura eta zinema izango du ardatz aurtengo edizioan.
Literaturak hitza du osagai nagusi, zinemak, berriz, irudia baina biek partekatzen dute helburu bera: lengoaiaz haratago, emozio eta sentimenduak sentiaraziko dizkiguten istorioak kontatzea. Film bilakatu diren eleberriek beteko dute aurtengo programazioaren parte garrantzitsuena. Antolatzaileek azaldu dutenez, “literaturatik zinemarako eraldaketa horretan, bi sorkuntza horien konparazioen zuzentasunaz hitz egingo dugu, zeren, ba al dago zer konparatu? Edo idazle batek dioen moduan, traizioa al da film bihurtzean eleberri bati gerta dakiokeen hoberena? Zer irabaz edo gal dezake eleberri batek film bilakatzean? Eta idazleak? Denek irakurtzen al dugu eleberri berbera? Beti al da hobea nobela? Ba al dira filmean pentsatuz idazten duten sortzaileak?”
Idazle, gidoilari eta zinema zuzendariak izango dira galdera guzti hauei erantzuteko solasean. Lehenengoen artean, ibilbide luzea izan eta beren hainbat eleberri film bihurtuta ikusi dituzten Eduardo Mendoza eta Lorenzo Silva. Baita Jesus Carrasco edo idazle moduan La señora March lanarekin estreinatu berri den Virginia Feito ere.
Abdellah Taia idazle marokoarra Salbazioko armada eleberriaren idazle eta filmaren zuzendari moduan izandako esperientziaz arituko da. Gabriela Ybarra eta Angeles Gonzalez-Sinde, hurrenez hurren El comensal -en idazle eta zuzendaria ere izango dira literatura jaialdian eta baita Miren Gorrotxategi eta Jon Arretxe idazleak ere.
Literatura eta zinemaz haratago, beren lan berriez arituko dira Hector Abad, Isaac Rosa, María Oruña, eta baita Iban Zaldua ere, Literaktumek aurkezten du atalean.
98ko belaunaldiaren adierazgarri, Pio Baroja jaio zela 150 urte beteko dira aurten. Erakusketa batek eta Soledad Puertolas eta Luis Antonio de Villenaren arteko solasaldiak ekarriko digute gogora idazle donostiarra. Juan San Martin sortu zela ere, 100 urte bete dira ekainean. Oier San Martin semeak azalduko ditu aitak euskal literaturaren inguruan eginiko ekarpenak.
Erakusketak, antzerkia, bertso saio literarioa, errezitaldi musikatua, eta baita Zinemaldiaren Donostia Sarien inguruan Katixa Agirrek idatzitako lana ere izango dira Literaktumen. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik izango dugun poesia irakurketa musikatu eta mahai-inguruak eta James Joyceren Ulisesengan inspiratutako afariak ere osatuko dute programa, haurrentzako jarduerez betetako Literaktum Txikia ahaztu gabe.