Azpeitian egingo dute 2023ko Bertso Eguna

Urtarrilaren 28an izango da. Pandemia aurretik izan ohi zen bezala, egun osoko plana antolatuko dute. Aurrerago emango da eguerdiko bertso saioen eta afalosteko ekitaldiaren berri xehatua, baita bertsolarien izenak ere. Halaber, urtea bukatu aurretik jarriko dira Bertso Eguneko saio hauetarako txartelak salgai.

Bertsolari Txapelketa Nagusian bete-betean sartuta dagoen arren, Bertsozale Elkarteak urte hasierako ohiko hitzordua prestatzeari ekin dio: “2023ak ere izango du Bertso Eguna, eta urtarrilaren 28an egingo da”, adierazi du. 2018tik ibiltaria da Bertso Eguna, urtero aldatzen da lekuz, eta 2023koa Azpeitian egingo da. Azpeitiko Udalaren eta herriko hainbat elkarteren laguntzarekin.

Egun osoko plana ari dira antolatzen, pandemia aurretik egin ohi zuten bezala. “11:30ean elkartu eta kalez kaleko poteoa egingo da, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egingo dira zenbait elkartetan: Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan. Gainera, gustu guztiak asetzeko moduan, mota ezberdinetako bertso saioak eskainiko dira horietako bakoitzean: libreko saioak, bertso saio musikatuak edota gaiekin eta bertso jarriekin osatutakoak. Arratsaldean poteoa izango da, eta 21:00etan afaria eskainiko da Elikagunean. Afalostean izango da bertso ekitaldia Elikagunean bertan”, azaldu dute.

Aurrerago emango da eguerdiko bertso saioen eta afalosteko ekitaldiaren berri xehatua, baita bertsolarien izenak ere. Halaber, urtea bukatu aurretik jarriko dira Bertso Eguneko saio hauetarako txartelak salgai.

Zabaldu: