Nosferatu Bildumaren X. zenbakia da honakoa.
Katixa Agirre idazleak Zinema festa bat da. Enkontru ezinezko bat Zinemaldiaren 70. urteurrenean liburua aurkeztuko du Tabakaleran, Literaktum jaialdiaren barruan. Donostiako Zinemaldiaren laguntzarekin Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak euskaraz argitaratu dute Nosferatu Bildumaren X. zenbakia da honakoa. Lana Zinemaldia 70 zikloarekin batera kaleratu da. Zikloa, joan den urtarriletik abendura arte, Donostia Zinemaldiaren 70 urteak errepasatzen ari da, programaziotik igarotako hainbat titulu garrantzitsuren proiekzioekin.
Agirreren liburuaren azala eta kontrazala Irantzu Piquerorenak dira eta premisa original eta dibertigarri batetik abiatzen da lana. Miramar jauregiak festa berezi bat hartuko du Zinemaldiaren 70 urteak ospatzeko, eta hantxe bilduko dira komunean bi ezaugarri dituzten gonbidatu berezi samarrak: Donostia Saria jaso izan dute inoiz eta hilda daude egun.
Egileak agindu duenez, aipatutako festan “Lauren Bacall inoiz baino eleganteagoa agertuko da, Gregory Peckek lanak izango ditu egoera ulertzen, Max von Sydow dantza egitera etorri da, Agnes Varda dokumental bat egiten saiatuko da eta, nola ez, Bette Davisek anfitrioi lanak hartuko ditu bere gain”. Gaua sorpresez, ika-mikez, mozkorraldiz eta oroitzapenez beteko dela dio Agirrek. “Azkenean denak ados jarriko dira: zinema festa bat da, eta ospatu beharra dago”, azpimarratu du.
Ruth Perez de Anucita Donostia Zinemaldiko Komunikazio arduradunak egilearekin hitz egingo du gaur Tabakalerako zineman 18:00etan egingo den aurkezpenean. Sarrera librea izango da eta gonbidapenak Tabakaleraren webgunean erreserba daitezke. Ondoren, Ryusuke Hamaguchiren Passion (2008) filma ikusteko aukera egongo da Nosferatu zikloaren barruan, kasu honetan, berriz, sarrera erosi beharko da.
Aurtengo urtarrilean, Nosferatu ziklo berriaren hasierarekin batera, Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián liburua argitaratu zuten Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak; Quim Casasek koordinatu zuen lana. Zinemaldiaren historiako hainbat film garrantzitsu errepasatzen dituen zikloa hiru emanaldiekin bukatuko da datozen egunotan: Samira Makhmalbafen El caballo de dos piernas (Asbe du-pa/Two-Legged Horse, 2008) (azaroaren 30ean), Naomi Kawaseren Genpin (2010) (abenduaren 7an) eta Pablo Larrainen Post mortem (2010) (abenduaren 14an).