Bertsozalek iragarri duenez, sari emaileek bertsogintza mundua ez ezik, euskalgintza eta kulturgintza ordezkatzen dute, baita bertsolaritzak munduan zehar kantu inprobisatuaren eremuan utzi duen printza ere.
Bertsozale Elkarteak azaroaren erdialdean iragarri zuen Iñaki Muruak jarriko ziola txapela 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari. Bertsolaria eta urte luzez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izandakoa, bertsolaritzako eragile handia da Murua.
Txapela ez da, ordea, finalean banatuko den sari bakarra eta ezta Murua sari emaile bakarra ere. Oholtza gainean izango diren zortzi bertsolariei egingo zaie aitortza finalean, eta horretarako Bertsozale Elkarteak jardun eremu dituen lagunen eskutik jasoko dute saria.
Sari emaileek bertsogintza mundua ez ezik, euskalgintza eta kulturgintza ordezkatzen dute, baita bertsolaritzak munduan zehar kantu inprobisatuaren eremuan utzi duen printza ere.
Irantzu Idoate Funosasek (Hazparne, 2005) emango dio saria bigarren sailkatuari. Bertsolaria bera da 2022ko Eskolarteko Bertsolari Txapelduna.
Sagrario Aleman Astitzek (Etxaleku, 1952) banatuko ditu hirugarren eta seigarren sariak. Urte luzez izan da Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria, eta Nafarroako euskalduntze mugimenduko erreferente nagusietako bat da Aleman.
Edurne Azkarate Sobrino (Oion, 1993) aktoreak ere hartuko du parte sari banaketan. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko Aulki Jokoa saioko aurkezlea izan zen Azkarate. Besteak beste, Zaldi Urdina antzezlanean ere aritua, eRRe Lanku Kultur Zerbitzuen emanaldiko zuzendaria da, eta aurkeztu berri den Irati filmeko aktore nagusietako bat ere bada. Bi sari emango ditu.
Sari emaileek bertsogintza mundua ez ezik, euskalgintza eta kulturgintza ordezkatzen dute, baita bertsolaritzak munduan zehar kantu inprobisatuaren eremuan utzi duen printza ere
Beste kantu inprobisatu batzuk ere badira munduan, eta horiek sustatzeko lanetan ari diren kideekin harremanetan gaude bertsolaritzaren mugimendukook. Horiek guztiak ordezkatuko dituenik ere izango da oholtza gainean saria banatzeko. Paulu Zedda (Sinnai, 1964) Sardiniako cantada bat-bateko kantuaren inprobisatzailea da; cantadoria. Bertsozale Elkarteak harreman luzea du Sardiniako inprobisatzaileekin, hein handi batean Zeddari esker. “Maiz joan izan dira bertsolariak hara, eta beste horrenbeste etorri izan dira sardiniar inprobisatzaileak hona. Bosgarren eta zortzigarren sariak banatzeaz arduratuko da Zedda”.
Hauek dira banatuko dituzten sariak
Azken urteetan 2019an zendutako Ana Zaldua billabonatarrak brodatutako txapela jantzi izan zaio txapeldunari; aurten, Itziar Alduntzin donostiarrak hartu du txapeldunaren garaikurra osatzeko ardura. Gainera, Mikel Lertxundi berriatuarraren eskultura bat ere jasoko du lehenak.
Lau txapelketetako zikloa bete zuen 2017an bere garaian Bertsozale Elkarteko eragile zen Koldo Tapiaren ekimenez proposatutako eta Xabier Lakak egindako Eskutik Eskura artelanak. Garaikurrak jada azken lau txapelketetan bigarren egin dutenen izenak ditu alde banatan. Hala, aurtengoan beste artelan bat jasoko du txapeldunordeak: Iker Valle andoaindarraren brontzezko eskultura bat.
Hirugarren postutik zortzigarrenera bitarteko bertsolariek margolanak jasoko dituzte: Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Carmelo Ortiz de Elgea, Marta Cardenas, Mariano Arsuaga eta Olatz Irigarai sortzaileen artelanak, hain zuzen.