(argazkia: Durangoko Azoka)

Hirugarren egunean gazteentzako egitarau berezia izango du Durangoko Azokak

Landako Gunea beteta egon da egun osoan zehar. Azokako gune batzuetan edukiera bete da aurkezpen batzuetan, Saguganbaran, Szenatokian eta Ahotsenean, esaterako.

Durangoko Azokak bere bigarren eguna bizi izan du gaurkoan eta Landako gunea beteta egon da egun osoan zehar, Azokako “betiko” argazkia berreskuratuta. Hainbat sortzaileren erakusmahaietan ilarak sortu dira euren azken lana erosi eta sinadurak lortzeko. Saguganbaran, Szenatokian eta Ahotsenean ere edukiera bete da ikuskizun eta aurkezpen batzuetan. Autobus-zerbitzua ere martxan jarri du gaur Azokak eta errefortzua jarri behar izan da eskariari erantzuteko. Oso egun jendetsua bizi du gaur Azokak, beraz.

Bihar kulturaren plaza bere hirugarren egunera helduko da. Egun berezia izango dela dio antolakuntzak, lehen aldiz Azokak gazteentzako egitarau berezia antolatu duelako, Gazte EztanDA! lelopean. Eguerdian gazte-bazkaria antolatuko da; hitzordua Landako plazan izango da, euria egitekotan aterpedun leku batean egingo da. 17:00etan euskal kulturarekin lotutako jinkana antolatu du EuskarAbentura ekimenak (saria Ez Kexaren eskutik jasoko du), eta 19:00etan elektrotxarangen txanda izango da: Elektropottotte eta OstiKda taldeek Durangoko kaleak girotuko dituzte.

Gaurkoan, bestalde, Durangoko Azokak aurtengo sormen bekako irabazlea ezagutzera eman du: Jon Ander Urresti aktore bermeotarraren Eucaliptus lan eszenikoak lortu du 15.000 euroko diru-laguntza. Bihar iazko sormen bekaren irabazleak egindako lana ezagutzeko ordua helduko da: Ibai Aizpuruak Barraka sakelako telefonoentzako bideo-jokoa aurkeztuko du, 10:30ean Kabi@n. Goiz osoan zehar, gune horretan gamer gela izango da Game Erauntsia taldekoen eskutik, eta arratsaldean Rolariak taldekoak izango dira.

Irudienean oso egun anitza izango da biharkoa, askotariko ikus-entzunezkoak izango ditugulako: podkast bat, film laburrak, websailak, umeentzako zinema, dokumentala… Eguna Mari, ixilik nahi gaituztenean film emanaldiarekin amaituko da, 18:30ean. Egunero bezala, Saguganbaran liburu-aurkezpen ugari izango ditura eta 13:00etan Paperezkoak, altxor bat hilero egitasmoa aurkeztuko da.

Ahotsenea sosaldietan, Mikel Alvarez, Leire Milikua, Nerea Ibarzabal eta Andoni Urzelai izango dira, besteak beste. Plateruenako oholtzan, Kokein bezalako ibilbide luzeko taldeak banda hasiberriekin tartekatuko dira, Mirua, Lumi edo Ilargi kasu.

Szenatokiko antzerki-arinen maratoian hiru talde arituko dira: Amaya (Amaia Lizarralde eta Olatz Lizarralde), Nire zigilua (Alain Lersundi) eta Kilimaterioa (Kaitin Allende, Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Irati Anda).

Bestalde, 18:00etan Itzulpena elkartasuna da hitzaldia antolatuko da Durangoko Museoan, Durangoko Azokan lehen aldiz parte hartzen duen Pol-len edicions argitaletxearen eskutik. Bertan Euskal Herriko literatura, poesia, komikia eta saiakera katalanez aztertuko da.

Biharko Durangoko Azokako egitarau gaurkotua eta sortzaileen sinaduren ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke.

Zabaldu: