(argazkia: Durangoko Azoka)

Durangoko Azokako laugarren egunean, ‘Irati’ filmaren proiekzioa eta online dendaren azken orduak

Gaurko Gazte EztanDA!-ren ostean, bihar ere hamaika ekitaldi izango dira Durangoko Azokan: Euskadi Literatura Saridunen mahaingurua, Anari Alberdi, Bengo, Jon Arretxe, Lara Izagirre…

Antolatzaileen arabera, larunbat jendetsua espero da bihar Azokan. “Gaurko egunean ere jendez lepo egon da Landako Gunea eta Azokako espazioak. Atzo gertatu zen bezala, hainbat aurkezpenetan edukiera bete da gaurkoan ere”: Barraka bideo-jokoaren aurkezpena, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburuaren solasaldia… Hainbat sortzaileren erakusmahaien aurrean ere ilarak izan dira gaurkoan ere, euren sinadurak lortzeko, eta Azokako oihalezko poltsa bereziak ere gaur agortu dira.

Gazte EztanDA! egunari dagokionez ere, goizean goizetik gaztetxoak bideo-jokoetan eta rol-jolasean ibili dira Kabi@n. Arratsaldean EuskarAbenturakoekin batera 75 gaztek parte hartu dute euskal kulturaren ginkanan, eta 19:00etan Elektropottotte eta OstiKda elektrotxarangek kaleak girotu dituzte.

Bihar ere ekitaldirik ez da faltako Durangon. Goizeko ekitaldirik jendetsuena Paul Urkijoren Irati filmaren proiekzioa izatea espero da. Proiekzioarekin batera, solasaldia ere egingo dute lantaldeko hainbat kidek: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate eta Paul Urkijo zuzendaria. Gonbidapenak 10:30ean jarriko dira eskuragarri Zugaza Zinemetako txarteldegian. Horrez gain, Irudienean bertan ere bestelako proiekzioak egingo dira: arratsaldean, adibidez, Lara Izagirrek Pelikula baten bila egitasmoa aurkeztuko du eta Estibaliz Maguregiren Latsariak lana proiektatuko da.

Areto Nagusian Talaiaren txanda izango da bihar. 10:30ean Taroka errima joko bertsoterikoa aurkeztuko da; 12:00etan Munduari bira eman zion ontzia Joseba Sarrionandiaren eskutik; 13:00etan solasaldia Euskadi Literatura saridunekin batera euskal literaturaren nazioartekotzeaz eta abar. Saguganbaran, egunero bezala, hainbat liburu aurkezpen egongo dira: Iban Illarramendi eta Eider Adeletx sortzaileen Kiratsa; Nerea Loiola eta Jon Arangurenen Naia eta abar.

Szenatokian hiru talde egongo dira antzerki-arineko eguneroko egitarauan: Libe Mendizabal eta Amaia Salazar aktoreen Lasterketa bat egin txaloka ero moduan; Tartean Teatroaren Denboraren korapiloak eta Barrexerka taldekoak.

Beste egun batez, Ahotsenea sortzaileen plazan izango da. Solasaldien gunean, Jon Arretxe, Anari Alberdi, Iban Zaldua, Miren Azkarate edota Adur Larrea izango dira. Eta Plateruenako eszenatokian, ostera, Esti Markez, Bengo, Odei, Assata, Dukkha… Diskoen aurkezpenak streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

Azokak igandean ateak itxiko dituen arren, biharkoa izango da azken eguna denda digitalean erosketak egiteko. Azokako www.durangokoazoka.eus webgunean topatu daitezke Landako Gunean salgai dauden 930 nobedadeak. 50 euro baino gehiagoko erosketek doan dituzte bidalketa gastuak.

Egunero bezala, bisitariek eskura izango dute Durangoko Azokako autobus zerbitzua, Landako Gunearen eta Iurretako aparkalekuen artean, doan, 10:30etik 20:00ak arte.

Zabaldu: