(argazkia: Garabide)

Garabide Elkarteak jasoko du 2022ko Abadia saria

Munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan egiten duten lanagatik jasoko du saria elkarteak. Euskararen esperientziatik abiatzen dira kooperazio lan horiek egiteko eta gaur egun mundu mailako hamaika hizkuntza komunitaterekin egiten dute lan.

Garabide Elkarteak jasoko du 2022ko Abadia saria, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan egiten duen lanagatik. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak abenduaren 10ean jakinarazi duenez, epaimahaiak aho batez proposatu zuen Garabide Elkartea eta euskararen eta nazioarteko hizkuntza gutxiagotuen alde egiten ari den lana saritu nahi izan dute horrela. “Kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Garabide eta, zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxiagotuen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta”.

Mendozaren arabera, “azken 50 edo 60 urte hauetan garatu den euskararen biziberritze prozesuak aurrerapauso nabarmenak eragin ditu hizkuntzaren egoeran, eta erreferente bihurtu da munduko beste hizkuntza gutxiagotuen komunitateentzat. Hala, euskal komunitateak ondo egin diren urrats horiek identifikatu, exportatu eta egokitzen saiatzen dira, beste hizkuntza minorizatuentzat lagungarri izan daitezkeen esparru horiek lantzeko. Prozesuan pilatu den jakintza biltzen, erakusten eta transmititzen lan handia ari da egiten Garabide elkartea. Lan horrek bi norabide dituela ere erakutsi dute, alegia, euskararen komunitatean badugula erakusteko moduko esperientzia metatua eta, aldi berean, haiek badutela guri zer irakatsi hizkuntzarekiko jarreretan eta bizipenetan”, azaldu du.

Bozeramaileak adierazi duenez, euskararen komunitateari bere esperientzia transmititzeko eta garatzeko erantzukizuna dagokio, beste komunitate batzuek hemengo jakintza eredu posible modura balia dezaten. “Elkartasunetik abiatuta erakutsi digute, hizkuntza gutxiagotu bat biziberritzea ez dela kapritxoa, eta garrantzi berezia duela planetaren aniztasunerako”. Gainera, Mendozaren esanetan, Garabide elkartearen lanari esker euskararen komunitatea jabetzen ari da gainerako hizkuntza gutxiagotuekin baduela eginkizun partekatua, eta eginkizun horretan badagokiola trakzio lana egitea, euskaren inguruan pilatu den eskarmentua eta baliabideak guztion helburuen alde jarrita. “Honenbestez, uste dugu euskararen sustapenean adibide aurreratua dela, zabaldu beharreko eredua. Erakusten duelako, argi eta garbi, hizkuntza minorizatuen eta kulturaren biziberritze prozesuek oinarrian badutela jasangarritasunaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren eta ekitatearen aldeko ikuspegia”, azpimarratu du.

Zabaldu: