Desinformazioa ardatz Donostiako dFeria azokan

Donostiako arte eszenikoen jaialdiaren 29 edizioa martxoaren 13tik 16ra egingo dute, hiriko bost espaziotan zabalduko diren agertokietan.

Albiste faltsuak izango dira aurtengo dFeriaren ardatza. Antolatzaileen esanetan, “antzerkiari beti aitortu zaio gizartea eraldatzeko eta espiritu kritikoa lantzeko tresna ona dela. Kasu honetan, dFeriak gizartearen desinformazio gero eta handiagoa jorratuko du, Fake news-ak leitmotivtzat hartuta. Zurrumurruak, gezurrak, faltsukeriak, iruzurrak, engainuak, amarruak, gezurrezko salaketak eta aldrebeskeriak jorratuko dira. Guzti hauek irizpiderik eza, buruzko orientaziorik eza eta informazio falta eragin ditzakete. Teknologia berrien erabilera masiboagatik (blockchain…) eta espiritu kritiko gero eta apalagoa duen gizarte batean gizabanakoak manipulatzeko ahalmen gero eta handiagoagatik, informazioa esponentzialki zabaltzea zeinen erraza den ikusirik, bistan da puru-purian dagoen gaia dela”.

Kartelari dagokionez, Jokin Oregi MrSortwo-k sortu du eta azaldu duenez, “irudiak eszenografia eta antzerkiaren funtsa abstrakzioarekin eta figurazioarekin nahasten ditu, brotxakada pare batekin antzerki oihal bat irudikatuz eta paisaia bat asmatzeko bertan sortzen diren espazioekin jolastuz”.

Bestalde, dFeriak ikuskizun bat programatu du jaialdiaren aurreko astebururako. Martxoaren 11 eta 12a bitartean Peeping Tom Belgikako konpainiak Diptich: The missing room and The lost room ikuskizuna aurkeztuko du Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak salgai daude jada Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Antolakuntzak aurrerago emango du ezagutzera aurtengo egitaraua, baina zehaztu duenez, 370 konpainiak bidali dizkio proposamenak, eta horietatik 30 bat ikuskizun aukeratu ditu.

Zabaldu: