Uztailean deitutako lehiaketaren helburua euskarazko literatura sorkuntza sustatzea da, argitaratutako lanik ez duten Nafarroako egileen edo bertan bizi diren egileen artean.
Egile Berrientzako Iruñeko Euskarazko XXXII. Literatura lehiaketak baditu irabazleak. Aurkeztutako 18 lanen artean, Joxe Aldasoro, Iker Tubia eta Ainara Tirapuren lanak aukeratu dituzte lehenengo modalitatean, eta Ventura Ruizena, Rakel Pardorena eta Malen Alzuartena, bigarrenean. Gainera, Angel Erro idazleak, Amaia Apalauza itzultzaile eta euskaltzainak eta Jon Alonso idazle eta itzultzaileak osatutako epaimahaiak Itziar Aguirre, Iñigo Satrustegi eta Odei Ruizen hiru poesia-lan aipamen bereziarekin saritu ditu.
Narrazio laburreko modalitatean, Joxe Aldasorok irabazi du lehen saria, Biyer egueldi lanagatik. Epaimahaiaren ustez, “egileak oso ongi islatu du protagonistak bizi dituen itolarria, egonezina eta larrimina, baita haren ingurukoen arteko ezin esanak eta ezin eutsiak ere. Hizkuntza bizia darabil, jostaria, bereziki elkarrizketetan”.
Bigarren saria Iker Tubiarentzat izan da, Puxika baten puskak lanagatik. Epaimahaiak dionez, “egileak bikain txirikordatu eta josi ditu elkarren osagarri diren hiru istorio, izenburuan iradokitzen den bezala, eta irakurlearengan harridura pizten du. Gaur egungo gizartearen arazoak jarri ditu mahai gainean, hala nola prekarietatea, indarkeria edo matxismoa; eta hori guztia hizkuntza zuzena erabiliz, artifiziorik gabea baina dotorea”.
Ainara Tirapu izan da narrazioko hirugarren saria Ñiki, ñiki lanarekin. “Kontakizun honetan, egileak parez pare jarri ditu guztiz kontrajarriak diren bi egoera, tarteka umoreari eta esajerazioari ere lekua eginez eta aditzera emanez ekintza txikiek ondorio handiak izan ditzaketela”, azaldu du epaimahaiak.
Poesiari dagokionez, lehen hiru sariak emakumeentzako izan dira. Lehena Ventura Ruizek jaso du, Heriotza likidoa lanagatik. Epaimahaiaren arabera, “poemategi trinkoa da honako hau, batasun eta barne koherentzia handikoa. Itsas hiztegi teknikoaz jantzita, giza esperientziaren alde ilunenak argitzen doazkigu, lirikotasun ongi landuaz”.
Bigarren saria Rakel Pardorentzat izan da, Poesia kabi eta hilobi lanagatik. Olerki bilduma honetan heldutasun handiko poeta fin baten aurrean gaudela kontatu du epaimahaiak, “erreferentzia kultu asko erabiltzen ditu, baina hortik kanpo ere aurkitzen du hausnarrerako gune eta tonua”.
Hirugarren saria Malen Alzuartek irabazi du Bazaren heinean paradoxa zara lanarekin. “Lerroen artean txinpartarako trebea den egilea da, erritmoa eta hitzen zolitasuna ongi kontrolatzen dituena, eta poesiaren esparrua bertsoarenarekin eta aforismoarenarekin zabaltzen duena”, nabarmendu dute Errok, Apalauzak eta Alonsok.
Horiez gain, kategoria honetan epaimahaiak hiru aipamen berezi egin dizkie Itziar Aguirreri Sartu ez dena ezin atera lanagatik, Iñigo Satrustegiri Nire-nirea dudan zu-hura-gu-zuek-haiek bat lanagatik, eta Odei Ruizi Ilaunak lanagatik.
Uztailean deitutako lehiaketaren helburua euskarazko literatura sorkuntza sustatzea da, argitaratutako lanik ez duten Nafarroako egileen edo bertan bizi diren egileen artean.