(argazkia: Ordiziako Udala)

Ostiralean abiatuko da Antzerki Garaia Ordizian eta Beasainen

Beasaingo Usurbe Antzokian abiatuko da 2023ko Antzerki Garaia. Lehen emanaldia Txalo produkzioak konpainiaren eskutik etorriko da Sagastitarrak obrarekin.

Urte berriarekin batera, Ordiziako Herri Antzokiak eta Beasaingo Usurbe antzokiak euren ateak zabalduko dizkie Antzerki Garaia programazioari.

Ekimenak 1995eko lehen hiruhilekoan eman zituen lehenengo urratsak; beraz, aurtengoa Goierriko antzerki-denboralditxoaren hogeita bederatzigarren edizioa izango da. Antolatzaileen arabera, “aurtengo denboraldia ere maila altuko antzerki eta obrez osatu da. Urtetik urtera ikusle kopuruak gora egiten du eta jasotzen den erantzuna ikusita, Ordizia eta Beasaingo Udalen arteko lankidetzak aurrera egiteko asmo irmoa du. Beti ere, euskal antzerki eta bertako lanen mesedetan. Udalen arteko lankidetza honi esker, euskarazko antzerki eskaintzatik sei obrako lagin bat aurkezten da, baita gaztelerazko pare bat ere”.

Egitaraua

Beasaingo Usurbe Antzokian abiatuko da 2023ko Antzerki Garaia. Lehen emanaldia, urtarrilaren 13a, Txalo produkzioak konpainiaren eskutik etorriko da Sagastitarrak obrarekin. Urtarrilaren 20an, berriz, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreak Ordizian izango dira Hobe ixilik obra aurkezteko. Otsailaren 17an Ez naiz inoiz Dublinen izan oholtzaratuko du Tentazioa konpainiak Usurben. Hurrengo astean, berriz, Ados Teatroak konpainiak Muchos amigos negros taularatuko du Herri Antzokian.

Martxoari dagokionez, 17an Hika Teatroak Toto aurkeztuko du Ordizian eta 24an Perigallo teatroak Cabezas de cartel Beasainen. Amaitzeko, apirilaren 14an Yerma lana taularatuko du La dramática errantek Beasainen. 21ean Vaiven produkzioak-en urteurrenean, Familia Sarekada antzezlana oholtzaratuko da Ordizian.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak 12 euroan izango dira. Ziklo osorako abonua ere eskuratu ahal izango da 72 euroren truke. Sarrerak emanaldia izango den antzokiaren leihatilan erosi ahal izango dira, baita Kutxabankeko kutxazainetan ere.

Horretaz gain, talderentzako sarrerak jarri dituzte salgai. Hala, hamar sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek prezio berezia izango dute: 10 eurokoa sarrerako.

Zabaldu: