Gasteizko museoak bere bildumaren irakurketa berria aurkeztuko du, XX. mendeko 50eko hamarkadatik hasita.
Gasteizko Artium museoak 2023ko programazioa aurkeztu du, eta horren barruan, besteak beste, Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Julia Spinola (Madril, 1979), Carolina Caycedo (Londres, 1978) eta Rafael Lafuente (Gasteiz, 1936-2005) artistei eskainitako bakarkako erakusketak daude. Aurten, gainera, Z aretoari lotutako erakusketa-programari eutsiko diotela nabarmendu dute arduradunek. “Areto horretan hainbat artista eta zinemagileren proiektuak egongo dira, hala nola Mirari Echavarri (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundi (Bilbo, 1981), eta Naomi Rincon Gallardo (Raleigh, 1979) artistenak”.
Bestalde, JAI ikasketa-programaren laugarren edizioak eta hainbat performance-praktika esploratzeko programak leku nabarmena izango dute uda honetan.
Ondareari dagokionez, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo honek bere bildumaren irakurketa berria aurkeztuko du, XX. mendeko 50eko hamarkadatik hasita. Aldi berean, bere funtsetan berriki sartu diren Sahatsa Jauregi (Salvador de Bahia, 1984) eta Nerea Lekuona (Gasteiz, 1976) artisten erakusketak aurkeztuko dituzte. Gainera, Jutta Koether artista alemaniarrari (Kolonia, 1958) eta Ivan Zulueta zinemagile donostiarrari (Donostia, 1943-2009) eskainitako erakusketak udaberrira arte egongo dira zabalik.