Nosferatu ziklo berria datorren urtarrilaren 18an abiatuko da Donostian

“Frantziako zinema beltza” izango da aurtengo egitarauaren protagonista.

Nosferatu ziklo berria datorren urtarrilaren 18an abiatuko da Donostiako Tabakalera zentroan. Oraingoan Estatu frantseseko zinema beltzari, polar deituari, eskainia.

Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute, Tabakalera eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzarekin, eta 2023ko urtarrila eta abendua bitartean garatuko da.

Hamabi hilabete horietan, Frantziako zinema beltzak bere historian zehar eman dituen hogeita hamar bat film proiektatuko dira.

Lehenengo emanaldian Louis Feuilladek Krimenaren Enperadoreari eskaini zizkion bost filmetatik lehenengoa ikusi ahal izango da, Fantômas: À l’ombre de la guillotine (1913), baita Ménilmontant (1926) kultuko film ertaina ere, Dimitri Kirsanoffek zuzendua.

Urtearen lehenengo hiruhilekoan beste zinemagile batzuek zuzendutako filmak ere programatu dira, haien artean Jean Renoir, Julien Duvivier, Jacques Becker eta Henri-Georges Clouzotenak, Frantziako zinemako aktore klasikoek antzeztuak, besteak beste Jean Gabin, Michèle Morgan, Michel Simon, Jeanne Moreau, Eddie Constantine, Magali Noël, Robert Hossein eta Lino Venturak.

Kriminal legendarioak, haietako bat aipatutako Fantômas, Marcel Allainek eta Pierre Souvestrek sortua; ikertzaile gailenak, besteak beste Maigret komisarioa eta FBIko agente Lemmy Caution, hurrenez hurren Georges Simenon eta Peter Cheyney idazleek sortuak; eta James M. Cainen Postariak bi aldiz deitzen du beti klasikoaren lehenengo moldaketa zinemara. Hori guztia eta askoz gehiago Tabakalerako pantailan izango da urtarrila eta martxoa bitartean, abendura arte luzatuko den ziklo honetan.

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Lehena, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu Bildumako 11. zk., 2023aren bukaeran editatuko da. Bigarrena, El polar francés 1933-1982, Colección Nosferatuko 19. zk., Antonio Jose Navarrok koordinatu du eta urtearen hasieran argitaratuko da.

Lehenengo hiruhilekoaren programazioa

Urtarrilaren 18an, Fantômas: À l’ombre de la guillotine (1913) eta Ménilmontant (1926)

Urtarrilaren 25ean, La Chienne (1931)

Otsailaren 1ean, La Tête d’un homme (1933)

Otsailaren 8an, Le Dernier Tournant (1939)

Otsailaren 15ean, Le Corbeau (1943)

otsailaren 22an, La Môme vert de gris (1953)

martxoaren 1ean, Touchez pas au grisbi (1954)

martxoaren 8an, Maigret tend un piège (1958)

martxoaren 15ean Des femmes disparaissent (1959)

Zabaldu: