(argazkia: Pabellon 6 Antzerki Laborategia)

Bilboko Pabellon 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiak ‘Komedia madarikatua’ antzezlana estreinatuko du ostiralean

Urteko lehen estreinaldia izango da. Tomas Afan egile sarituaren Triptico infernal testuaren egokitzapena da obra eta gidoiaren euskarazko bertsioa Idoia Barrondok egin du.

Bilboko Pabellon 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiak 2015ean sortu zen, talde gazteen profesionalizazioaren alde lan egiteko helburuarekin. Ordutik hona, aktore ugari igaro dira bertatik, eta denetara zazpi lan taularatu dituzte. Oraingoan zortzigarren antzezlana estreinatuko dute: Komedia madarikatua.

Antzezkizun berria Tomas Afan egile sarituaren Triptico infernal testuaren egokitzapena da eta gidoiaren euskarazko bertsioa Idoia Barrondok egin du. Estreinaldiaren euskarazko bertsioa urtarrilaren 27an izango da Pabellon 6n bertan.

Azaldu dutenez, “Afanen testua gizartean sortzen diren gatazkei buruzko hausnarketa bat da. Izan ere, lurtarrak jainkotiarra oztopatzen duenean, zeruaren eta infernuaren arteko antzinako borrokak ustekabeko bira ematen du. Dramaren eta komediaren artean, gizakiaren manipulazioari eta ergelkeriari buruz hitz egiten du lan honek. Zentzugabekeriatik jorratutako gerren kritika”.

Saioa Iribarren ari da zuzendari lanetan Ander Basaldua eta Gaizka Chamizoren laguntzarekin. Honako hauek dira lantaldea osatzen duten gainerako kideak: Silvia Larrauri de Miguel, Luix Mitxelena, Andrea Mora, Uxue Fuertes, Ziggy Docherty eta Aitzol Villahoz. Atal teknikoari dagokionez, jantziak Mirari Aranburuk egin ditu, Maria Casanueva eszenografiaz arduratu da, argiztapen-diseinua Fernando Alcauzarrek eta Edu Berja Miguelek egin dute. Amaitzeko, kartela Irrimarrak sortu du.

Antzezlana, urtarrilaren 27tik 29ra taularatuko da euskaraz eta otsailaren 3tik 26ra gaztelaniaz, emanaldiak ostiraletik igandera eskainiko dira, eta sarrerak www.pabellon6.org webgunean jarri dituzte eskuragarri.

Zabaldu: