Emanaldia urtarrilaren 28an izango da, 13:00etan eta 18:00etan.
Bermeoko Arrantzaleen Museoak MusEkintza arte eszenikoen jaialdiaren bosgarren ikuskizuna hartuko du datorren larunbatean, urtarrilak 28. Memoria de un Pez Bueno izeneko ikuskizunean Bilboko Udal Txistulari Bandak arreta handiz aukeratutako doinuekin lagunduko ditu Elisabeth Perez egilearen irudiak eta ahoz azaldutako testuak eta Tracken studiok animazio arinen bidez osatuko du emanaldia.
Obra euskaraz eta gaztelaniaz antzeztuko da bi saiotan, 13:00etan eta 18:00etan. Antzezlana ikusi nahi duenak aldez aurretik egin beharko du erreserba 946 881 171 telefonora deituta.
MusEkintza 2022-2023
MusEkintza eszenatoki berrietara hedatuko da aurten. Ziklo honetan, zinema, antzerkia, ilustrazioak, musika eta estilo askotako dantzaz gain, poesia, eskultura, moda eta bertsolaritza ardatz dituzten ikuskizunak eskainiko dira. Hala, hamaika ikuskizun eskainiko dituzte ekainera bitartean Bizkaiko hainbat eskualdetan.
Jaialdia Bizkaiko historiaz beteriko hamaika agertokitan garatzen da: Balmasedako La Encartada fabrika museoa, Muskizko El Pobaleko burdinola, Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea, Gernikako Euskal Herria Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa eta Muñatones Gaztelua. Aurten, gainera, lau gune berri gehitu dira: Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategia, Berreginen Museoa, Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea eta Kortezubiko Santimamiñe.
Espazio horietan hainbat diziplina artistikotako ikuskizunak izango dira: zinema, antzerkia, musika, ilustrazioak, poesia, eskultura, moda, bertsoak eta hainbat dantza-estilo, hala nola airekoa, flamenkoa, garaikidea, pole dancea,…