Artista donostiarrak euskarazko pop-soularen aldeko apustua egin du estilo ezberdinak tartekatzen dituen lan berezian. Aurkezpen kontzertua otsailaren 10ean izango da Donostiako Lugaritz Kultur Etxean.
Hemen Berriro du izena Sara Azurza abeslari eta konpositorearen lehen lan luzeak. Diskoak biltzen dituen bederatzi kantek bizitzaren ziklo emozionalari buruz hitz egiten dute, eta ziklo horren barruko emozioak eta sentimenduak islatzen dituzte. Entzuten duenak badaki. Piztu kandelak lelopean, Azurzak ahotsa erabiltzen du pertsona bakoitzak bere burua eta bere gorputza entzutearen garrantzia aldarrikatzeko. Horretarako, musika eta kandelak lagungarri zaizkio eta sinbolo bezala erabiltzen ditu disko osoan zehar.
Abeslari donostiarraren helburua euskal musikan nolabaiteko iraultza sortzea da, “oraingoz pop-soula euskaraz ez baita oso ezaguna”, adierazi du. Gainera, hainbat estilo tartekatzen ditu, horien artean daude funky-a eta elektronika bere abesti dantzagarrienean. Azken hau, Barbara Fernandez madrildarrak eta bere taldeak zuzendutako bideokliparekin batera aurkeztu berri duen Hemen berriro diskoari izena ematen dion singlea da.
Lan berriko kanturik aipagarrienen artean, gainera, Gartxot Unsainekin elkarlanean sortutako Uste ustelak abestia eta, dagoeneko, milaka erreprodukzio izan dituen Ez ohildu ditugu.
Eñaut Gaztañagak grabatu eta ekoitzi ditu bederatzi abestiak eta eskuragarri daude, jada, plataforma digital guztietan eta diskoa ohiko salmenta puntuetan.
Aurkezpen kontzertua
Donostiako Lugaritz Kultur Etxea izango da lan berriaren aurkezpen kontzertua. Azurza otsailaren 10ean igoko da oholtza gainera, bere taldeko musikariekin batera: Iker Lauroba teklatuan eta gitarran, Julen Barandiaran baxuan eta Haritz Lauroba baterian. Sarrerak salgai daude dagoeneko, hemen.
Lehenengo hitzordua Donostian izango bada ere, Azurzak Euskal Herri osoko eszenatokietara eramango du bere lan berria 2023an, besteak beste, Hernaniko Biteri Kultur Etxera maiatzaren 4an. Abeslariak data berriak iragarriko ditu laster.