(argazkia: Euskadiko Filmategia)

Euskadiko Filmategiak ‘Euskal emakume zinemagileak’ liburua aurkeztu du

Euskal Herriko zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeei buruzko hainbat saiakera biltzen dituen lehen liburua da.

Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak aurkeztu du, Euskal herriko zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeei buruzko hainbat saiakera biltzen dituen lehen liburua. Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatu du lana, eta haren helburua euskal zinemaren berri ematea da, emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obretatik abiaturik. Era berean, proiektu artistiko horien esplorazio akademiko eta dibulgatibo bat eskaintzen du.

Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak, Generoak, formatuak eta moldaketak, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera eta Hiru emakume zinemagile. Lehenengoak euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoa lantzen du hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazioa edo haien filmen aniztasun estetikoa eta formala. Bigarrenak euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertzen du eta, baita Kimuak programak egindako lana ere; aldi berean, produkzio transnazionalak eta literatura obren egokitzapen zinematografikoak ere esploratzen ditu. Hirugarrenean elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak biltzen dira eta, baita haien harrera kritikoaren eta akademikoaren aurrerabidea ere; eta laugarrenak, berriz, Hiru emakume zinemagile, euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Diez, Helena Taberna eta Yannick Bellon, Euskadiko Filmategian zeinek bere ziklo eta argitalpena izan zuten hiru egile.

Atal bakoitzean egile espezializatu hauek parte hartu dute: Carlos Roldan Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, Maria Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernandez de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, Maria Pilar Rodriiguez, Maria Jose Olaziregi Alustiza, Javier Sanchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutierrez, Elena San Julian, Pilar Martinez-Vasseur, Annabel Martin eta Luisa Etxenike.

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren hitzetan “euskal zinemaren historiak beste askok bezain parekidetasun eskasa izan du eta sortu den bibliografian urriak dira euskal emakume zinemagileen perspektibatik egindako ikerketak”. “Mikroskopiotik baino, teleskopiotik begiratuta egindako lan honetan, ordura arteko gabeziak neurri batetan arintzea zen helburua; azken finean, joerak azpimarratzeko, gabeziak deitoratzeko eta, batez ere, talentuak egiaztatu eta ospatzeko balio duelako”, azaldu du.

Bestalde, Rodriguezek azpimarratu du ezen gertaera “begien bistakoa” dela euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoak “ez duela presentzia indartsurik izan panorama zinematografikoan. Azken urteotara arte egoera ez da esperantzagarria izan. Baina, esan beharra dago ere kritika eta azterketa akademikoak ez direla behar adina ahalegindu emakume zinemagile euskaldunak beren osotasunean ganoraz arakatzeko”. Irakaslearen iritziz, horrek ondorio “esanguratsuak” ekarri ditu. “Emakumeek egindako filmen gorakadak gure gizartea bere osotasunean ulertzeko nahitaezko begirada batekin aberastu du zinemagintza, eta emakume ikusleei identifikatzeko aukera handiagoa eman dieten erreferenteak eskaini dizkie”, ondorioztatu du Rodríguezek.

Hala, Isabel Herguera zinemagileak ilustratu duen azala daraman liburua Euskadiko Filmategiaren bildumari eransten zaio, “gure zinemagintzako izen handiak biltzen dituen bildumari, alegia: arestian aipatutako Ana Diez, Helena Taberna edo Yannick Bellon eta Alex de la Iglesia, Fernando Larruquert, Antxon Eceiza eta Enrique Urbizu bezalako zinemagileak, beste askoren artean, osatzen dutena. Euskal emakume zinemagileak, baita aurrekoak ere, Euskadiko Filmategiaren webgunean eta liburu-dendetan eskuratu daiteke.

Zabaldu: