Artedrama Euskal Laborategian izena emateko epea zabalik

Artedrama Arte Eszenikoen Plataformak urteroko hitzordua abian jarri du, XIV. Euskal Sormen Laborategia; apirilaren 22tik 27ra bitartean, antzerkilariak eta sortzaileak elkarrekin egongo dira, arte eszenikoetako hainbat alor hobetzen eta tekniketan sakontzen, eskarmentu handiko profesionalek gidatuta.

Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea da Aulestin urtero antolatzen dutena: aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat zabaltzen den gunea. Artedramak azaldu duenez, “Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin, astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira, bost irakasleren tailerrak prestatu ditugu”.

Artedraman bada denbora kezkatuta daudela, “gure arloan emakumeok dugun ikusgarritasun faltarekin… Baina, aski da, hasi behar gara etxetik, eta momentua da merezitako lekua emateko”. Horregatik, 2019ko edizioan, irakasle guztiak emakumeak izatea erabaki dute, euskal eszenan ekarpen ederrak egiten ari diren sortzaileak direla azpimarratu dute: Laida Azkona, Laura Penagos, Getari Etxegarai, Estitxu Zaldua eta Iraia Elias.

Euren ibilbidearen eta ikastaroen xehetasun guztiak hemen.

Hamalau leku besterik ez dauzkatela nabarmendu dute eta jendea animatu dute, ahalik eta azkarren, bertan izena ematen.

Zabaldu: