Beatriz Egizabalen 'Magma mia!' bakarrizketa martxoaren 29an izango da

IrriZiklo, Iruñeko euskarazko umore zikloa, martxoaren 3tik 29ra egingo da

Nekatutak, Inprofestakzioa, Irabazi eta Magma Mia! dira Nafarroako Antzerki Eskolan taularatuko diren umore ikuskizunak. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Martxoaren 3tik 29ra arte IrriZiklo izeneko euskarazko umore zikloa antolatu dute Iruñean. Orotara lau emanaldi biltzen ditu egitarauak. Denak arratsaldeko 19:00etan izango dira Nafarroako Antzerki Eskolan.

Antton Telleriak emango dio hasiera zikloari martxoaren 3an, Nekatutak bakarrizketarekin. Barre egiteko helburu bakar eta sakratuarekin, zuzentasunaren mugak esploratzen saiatuko da, ikuskizunaren izenetik hasita.

Martxoaren 9an, berriz, zikloak euskarazko antzerki-inprobisazioaren aldeko apustua egingo du. Inprofestakzioa obran Xabier Flamarikek, Garazi San Martínek eta Xabier Artiedak bertsolarien bizkortasunaz helduko diete ikusleek proposatutako gaiei. Bitartean, M’Artek zuzeneko musika eskainiko du.

Programatuko den hirugarren ikuskizuna Jon Plazaolaren Irabazi izango da, martxoaren 22an. Egungo gizartea konpetitiboa, krudela eta fidakaitza da: edozein zanpatzeko prest gaude besteen gainetik geratzeko. Baina Felixek ez daki zer den hori. Bizitza guztian ez du ezer irabazi, ez da irabazle sentitu… erdipurdikoa izan da beti. Hala ere, bere esparru erosoa aurkitu du inora ez daraman bidegurutze horretan, bere bizitza patetikoa justifikatu eta zentzua ematen dion dekalogo bat eratuz.

Zikloa martxoaren 29an amaituko da Beatriz Egizabalen Magma mia! bakarrizketarekin. Militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizunak ikusle mota desberdinengan gogoeta eta barreak eragitea du helburu. Emakumeei, beren sentsazioei, sentimenduei, haserreei eta presio sozialari buruzko bakarrizketa feminista da honakoa.

Sarrerak salgai daude jada

Sarrerak Eskolako webgunean edo txarteldegietan eskuratzen ahal izango dira 5 euroren truke. Lau ikuskizunetarako abonamendua erosteko aukera ere badago, 16 euroan.

Zabaldu: