Deialdi honetan sehaska objektua berraztertzea proposatu dute. Lanak aurkezteko epea apirilaren 18ra arte egongo da zabalik.
Bitamine Faktoria mugaz gaindiko sormen eta kultura-ekoizpen lantegiak antolatu duen HAU lehiaketak euskal kulturako objektu tradizionalak gaurkotzea du helburu. “Diseinu garaikidearen begiradatik egokitu, berritu eta berrinterpretatzea eskatzen zaie parte hartzaileei, gure historiarekin lotura berriak sortu eta diseinu alorrean ikerketa ildo berriak zabaltzeko”, azaldu dute.
Aurreko edizioetan taloaskea, kutxa, zizeilua, txokolate-ontzia eta gatzontzia izan ziren aukeratutako objektuak, eta aurtengo edizioan sehaska izango da, haurrentzako ohe txikia. “Kaxoi luzearen itxura izaten du, eta muturretan, behealdean, bi pieza kurbatu izaten ditu, erraz kulunkatu ahal izateko”, azaldu dute antolatzaileek . “Sehaska tradizionalak zur nobleez eginak izaten dira, eta, zenbait kasutan, gaztainondozko edo zumezko saskigintzaz eginak. Batzuk buru parean teilatutxoa dute haurra aire-korronteetatik babesteko; beste batzuk haurra eltxoetatik babesteko oihal bat zintzilikatzeko masta txiki bat daramate. Lehiaketarako proiektuan erabiltzen den materiala askea izango da eta bat baino gehiago erabiltzeko aukera egongo da”.
Lehiaketa diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzenduta dago (industria eta produktu-diseinua, arkitektura, ingeniaritzak, arte ederrak, eta abar). Lanak aurkezteko epea apirilaren 18ra arte egongo da zabalik.
Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako alorretako adituz osatuta egongo da: Fermin Leizaola Calvo (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria); Elisabeth Urrutia Bea (Diseinatzaile industriala); Xabier Llordes (EIDE Euskadiko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak eta espazioetakoak biltzen dituen elkarte profesionala); Enrique Arrillaga (Muebles LUFEren sortzailea); Nagore Lauroba Izagirre (industria diseinuko graduaren koordinatzailea Mondragon Unibertsitatea-Goi Eskola Politeknikoa); Helga Massetani Piemonte (Bitamine Faktoriako zuzendaria) eta Agurtzane Garai Ibarluzea (San Telmo Museoko bitartekaritza arduraduna).
Lehiaketako irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du. Irabazleaz gain, lehiaketan parte hartutako lan nabarmenak, San Telmo Museoan egingo den erakusketa batean ikusgai egongo dira 2023ko maiatzaren bukaeratik irailaren bukaerara arte. Halaber, erakusketarako hautatzen diren diseinuen egileak Muebles LUFEren instalazioak bisitatzeko aukera izango dute.
Oinarriak, hemen.