Mailua gara!’ lelopean dator Bilboko Loraldia festibala

Martxoaren 9tik 26ra egingo da bederatzigarren edizioa. Egitarauak 21 proposamen biltzen ditu.

Aurtengo Loraldia festibala martxoaren 9tik 26ra bitartean izango da Bilboko 14 gunetan eta 21 proposamen ezberdin jasoko ditu. “Diziplina anitzek izango dute lekua Loraldian: musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastaketak…”. Ohikoa denez, gainera, euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola: Gabriel Aresti edota Maurizia, besteak beste. Horiekin batera, gaur egungoak oholtzan izango dira: Benito Lertxundi, Kukai Dantza Konpainia, Igor Elortza, Rafa Rueda, Castillo Suarez, Ines Osinaga, Iratxe Fresneda edota Danele Sarriugarte eta baita sortzaile berriak eta gazteak ere: Formol Laborategia, Silitia…

Aurtengo edizioan iaz abiatutako ildotik jarraituko du jaialdiak eta Loraldia Terminala antolatuko da, gazte-sormenari plaza eskaintzeko asmoz.

Gainera, ohikoa den bezala, Loraldiak ekitaldi honetarako propio sortutako hainbat ekoizpen aurkeztuko ditu.

Antolatzaileen esanetan, “denetara 150 artista inguru igoko dira Loraldiak proposatutako 14 oholtza edo gune ezberdinetan. Bilbo euskaraz sortutako kulturaren hiriburua bilakatuko da martxoan!.

Loraldiaren ekoizpenak

Loraldirako beren-beregi sortutako produkzioak ekoizten dira urtero jaialdian. Aurten mota ezberdinetako lau proposamen sortu dituzte.

Horietako bat dugu Galerna. Azken bidaia. Itsasoari buruzko begirada emozionala dela azaldu du antolakuntzak.

Bilbon dabil Gabriel Aresti da beste proposamenetako bat, “Karmelo Landa eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen ekoizpena da. Arestiren sormena Bilboko erdigunera ekarri nahi dute. Gure memoria izateaz gain, gaurko Bilbo eta Euskal Herria berrinterpretatzeko tresnak dira”, azaldu dute.

Martxoaren 17an, berriz, Saint Patrick’s Day ospatzen da Irlandan. Hara begira jarri da Loraldia aurtengoan eta landa berde horietan mendez mende sortu den musika tradizioan dzanga egingo dutela iragarri dute antolatzaileek. Eire festa. Irlandako haizeak (cóisir gaeilge) izena jarri diote musika festa handiari. Euskal Herriak Eire estimatzen duen adierazpena. “Marmara talde lekeitiarrak zabalduko du atea eta irlandarren doinuen errepublikan murgilduko gara. Gaelikoz ondutako hainbat kanta a capella kantatuko du. Jarraian, dantza-eztanda egingo dugu The Poguesen kanta probokatzaileekin. Arrasatetik datorkigun The Potes bandak McGowanen melodiak moldatzeko erronka hartu du. Haiekin batera McOnak taldeko Joseba Iturraspe eta Irati Irizar izango dira agertokian”.

Amaitzeko, Loraldia Festibalaren azken egunean, ohikoa denez, geroari begira jarriko dira. “Hausnarketa poetiko hau kate begi berri bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan lotu ditugun amaiera ekitaldietan. Bertan literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta etorkizunari begira paratzen gara. Geroa eta oraina gurutzatzen diren lekua izango da berriro ere Guggenheim Museoaren auditorioa”.

Aurten martxoaren 26an izango da hitzordu hau. Danele Sarriugarteri eskatu zaio aurten geroari buruzko testu literario bat sortzea. Sarriugartek Popperra, afterra, utopia jarri dio izena ikuskizunari eta goiz horretan entzungo da lehenengoz, idazlearen ahotik. Testu literarioarekin batera, Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi bertsolariak eta Miren Narbaiza musikaria arituko dira agertokian. Ohi bezala, Amaia Agirre izango da gai-jartzailea.

Mailua gara!

Mailua gara! da Loraldia Festibalaren aurtengo leloa eta Gabriel Arestiren Harri eta herri liburuan jasotako poema bati egiten dio erreferentzia: Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela. Loraldian metafora hori erabili nahi izan dute jaialdiaren asmo adierazpena bilakatzeko: “gu ere mailuak gara eta kolpez kolpe gure unibertsoa zizelkatu nahi dugu, sormena eta kultur adierazpenen bitartez”.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: