Aurten Udalbiltzak laugarren arte alor bat gehitzea erabaki du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako sortzaileez gain, komikigileak ere protagonista izango dira edizio berri honetan.
Udalbiltzak Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioan hautatuak izan diren sortzaile eta udalerriak eman ditu ezagutzera Beran egin duen prentsaurrekoan.
Iazko urrian beka deialdia zabaldu zen unean iragarri bezala, aurten Udalbiltzak laugarren arte alor bat gehitzea erabaki du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako sortzaileez gain, komikigileak ere protagonista izango dira oraingoan. Beka deialdian 60 proposamen jaso ziren orotara lau arte alorretatik, proiektuko arduradun politikoa den Koro Etxeberriak adierazi duenez, “askotarikoak eta kalitate onekoak”.
Lehen edizioan bezala, bigarren hau ere bi urtez luzatuko da. 2023an zehar sormen egonaldiak egingo dira 22 multzotan bildutako 39 udalerritan. Aurten ere bi, hiru, lau edota bost udalerritako multzoak egongo dira, euren kabuz parte hartzea erabaki duten udalerri horiez gain. Bakoitzera, Udalbiltzak eta arte alor ezberdinetako adituek osatutako balioespen batzorde batek hautatutako sortzaileetatik bat joango da; jasotako proiektua garatu ahal izateko epaimahai honek egokien ikusi duen udalerri edota udalerri-multzora, hain zuzen. Udalerri horretan edo horietan hiru astera bitarteko egonaldiak egingo dituzte sortzaileek; eta bertatik ipuin luzeak, 15-20 orrialde bitarteko komiki lanak, 10-20 minutu arteko film laburrak eta antzezlanak aterako dira.
Ziklo berri honen bigarren urtean, 2024an, sortutako lan guztiekin kultur zirkuitu bat osatuko da. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokor bat egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira herri horietan. Zirkuitu hau egonaldiak jaso dituzten udalerri guztietatik igaroko da.
Sortzaileak eta herriak
Udalbiltzako kultur teknikariak edizio berri honetan hautatuak izan diren sortzaileen izenak eta bakoitzari esleitu zaion udalerria edota udalerri multzoaren zerrenda eman du aditzera. Honakoa da:
Literaturan:
- Edorta Jimenez Ormaetxea: Mutriku
- Ainhoa Urien Telletxe: Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Andosilla, Sesma
- Idoia Etxeberria Elortza: Zaldibia, Ataun
- Maddi Arocena Zubeldia: Ziortza-Bolibar
- Jon Abril Olaetxea: Atharratze
- Lutxo Egia del Río: Segura
- Maitane Perez Argote: Errigoiti, Ajangiz, Muxika
- Saioa Alkaiza Guallar: Berriatua
- Maite Aizpurua Olaizola: Araitz, Betelu, Larraun
- Gaizka Sarasola Iartzabal: Larrabetzu
Antzerkian:
- Goitibera konpainia: Hernani
- Antzerki Aroak / Zinealdiak: Zumaia
- Jon Ander Urresti Ugalde: Aulesti, Munitibar, Amoroto
Zinegintzan:
- Pette Etxebarria Busquets: Antzuola, Aiherra
- Arriguri / Aitor Gametxo: Uharte
- Alba Lozano García: Oiartzun
- Aitzol Saratxaga Saenz: Legutio
Komikigintzan:
- Iñaki Martiarena Mattin: Usurbil
- Aritz Ibarra Agirrezabal: Sara, Urruña, Bera, Lesaka
- Kote Camacho de Miguel: Bergara
- Unai Gaztelumendi Arandia: Leitza, Berastegi