Musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen obra da. Loraldiak martxoaren 21a aukeratu du Lorazain Eguna ospatzeko eta egun horretako ekintza esklusiboa eta doakoa izango da Elurzuriren hiru heriotzak ikuskizunaren estreinaldia komunitate honetako kideentzat.
Khontaira taldeak Elurzuriren hiru heriotzak lana aurkeztuko du martxoaren 21ean, Bilboko Alondegian. Loraldiaren barruan. Festibalak jarduera hau aukeratu du Lorazain Eguna ospatzeko.
Khontairak historian ikertzea du gustuko. Mendez mende igaro den historian murgiltzen da eta garaikide bihurtzen du Ander Berrojalbiz eta Maider Lopez taldekideen laguntzarekin. Oraingoan, Grim anaien eskuizkribu zahar bat eta Bela Bartokek ekialdeko Europan jasotako Erdi Aroko doinu mestizoetan aurkitu du sormen iturria taldeak.
Berrojalbizek idatzi zuen Elurzuriren hiru heriotzak saiakera, Grimm anaien eskuizkribu zaharrenean oinarritutako ipuin tragikoa. Kontakizun honetatik abiatuta, Berrojalbizek berak ikuskizun bihurtzeko moldaketa egin zuen. Sorkuntza honek antzerkia, musika eta dantza uztartzen ditu. Joseba Sarrionandiak egin zuen euskarazko itzulpena eta Elena Bezanillak hartu du ikuskizuna zuzentzeko ardura.
Oholtza gainean, Berrojalbiz eta Lopez bibolina eta biola jotzen ikusiko ditugu, hauekin batera Ainhoa Pineda aktorea eta Inalvis Etxebarria dantzaria izango dira.
Khontaira konpainiaren obra eszeniko honek Elurzuriren sagarrari berriro kosk egitera gonbidatzen gaitu, mito zaharrak, sinesmen ilunak eta zorigaitz tragikoak berpiztuz, birsortuz eta tartekatuz.