Bertsozalek eta EHUko Mikel Laboa Katedrak bi ikerketa deialdi jarri dituzte martxan

Irailaren 18an bukatuko da ikerketa eta master amaierako lanak eta gradu amaierako lanak aurkezteko epea.

Bertsozale Elkarteak, Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, bertsolaritzari buruzko ikerketa-lanen eta master amaierako lanen proiektuak sustatzeko helburuarekin, 2023an bi sari esleituko ditu. Bi deialdien helburua bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da.

Azaldu dutenez,kasu honetan master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira. Geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin, horien ikergai nagusia bertsolaritza bada, nahi den jakintza-alorretik ikertua”. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu beharko du proiektua.

2023an 2.500 euroko diru-laguntza esleituko da eta eskariak aurkezteko epea 2023ko irailaren 18ra arte egongo da zabalik. Hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda argitaratzeko eguna, berriz, urriaren 18an izango da.

Ikerketa lanak amaitzeko epea 2024ko urriaren 18a izango da, beranduenez. Informazio gehiago, hemen eta eskaera orria hemen.

Gradu Amaierako Lanak

Bestalde Gradu Amaierako lanen Sarian bertsolaritza ikergai gisa aukeratu izana baloratzea da bigarren deialdiaren helburua. Bertsolaritza ikergai duen Gradu Amaierako Lan bat edo Goi mailako Antzerki zein Musika ikasketa bukaerako lan bat sarituko da. Deialdira 2020-21, 2021-22 edo 2022-2023 ikasturteetan defendatutakoak izan beharko dute. 2023an 600 euroko sari bat esleituko da.

Lanak aurkezteko epea 2023ko irailaren 18ra artekoa izango da. Informazio gehiago hemen eta eskaera orria hemen.

Zabaldu: