Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean egongo da parte hartzeko aukera.
TikTok sare sozialean euskarazko umore errimatua sustatzeko asmoz ZirTok izeneko lehiaketa berria antolatu dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Hiru Damatxok eta Bertsozale Elkarteak. Azaldu dutenez, “Zirtoa erantzun errimatu barregarria da, edozein elkarrizketetan bat-batean erabili litekeena. Zirtoak egiten dituena zirtolaria da, eta zirtoa oinarri duen TikTok-eko lehiaketa ZirTok”.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek apirilaren 1etik aurrera izango dute euren bideoak TikTok-era igotzeko aukera, izan banaka, binaka edo taldeka eta umore errimatuko bideo laburrak izan beharko direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Hiru modalitate egongo dira: bata, lehiaketarako propio sortu diren TikTok-eko filtroak erabiliz, bat-batean zirtoa edo erantzun errimatua sortzea da. Bigarren modalitatean, berariazko filtroak erabiliko dira, bat-batean puntuari erantzuteko. Eta hirugarren modalitatea, esketx errimatuak sortzea da (zirtoka, puntuka, kopletan, rapeatzen… edo nahieran).
Eredu desberdin horien bideoak ikusgai daude TikTok-eko ZirTok kontuan, eta baita www.zirtok.eus helbidean ere, lehiaketaren oinarriekin batera. Erre laukotea osatzen duten Oihana Aranak, Leire Vargasek, Haizea Aranak eta Aner Peritzek osatu dituzte adibideak. Bideoak sakelakoaz grabatu daitezke eta formatu bertikala izan beharko dute. “Denbora aldetik laburra behar du izan eta ezin dute egile eskubideak dituen irudirik edo musikarik izan. Lehiaketatik kanpo geratuko dira pertsonen pribatutasun eta irudi eskubideak urratzen dituzten bideoak, baita umore baztertzailekoak ere”, zehaztu dute.
Lehiaketan 13 urtetik gorako edozeinek hartu ahal izango du parte, eta partehartzaile bakoitzak nahi adina bideo igo ditzake TikTok sare sozialera, betiere Zirtok kontua etiketatuta.
Sari nagusia, epaileek emango dutena 500 eurokoa izango da. Esketx errimatuen modalitatean, bat-bateko zirtoen modalitatean eta bat-bateko puntu erantzunen modalitatean 250 eurokoa modalitate bakoitzean. Sari horietaz gain, zozketaz ere beste 250 euroko saria banatuko da.
Maiatzaren 31ra arte egongo da bideoak bidaltzeko aukera eta lan sarituak ekainaren 16an jakinaraziko dira.