Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebe UEMAko kide berriak

101 udal izatera heldu da UEMA jada. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egin du Azpeitian, eta Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebeko udalek mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu dituzte batzarkideek. Hala, 101 udal izatera heldu da UEMA. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.

UEMAko kide diren udal berrietako alkateek hitza hartu dute batzarraren amaieran, eta herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ostean, euskara lehenesteko, herritarren aurreran eredugarri agertzeko eta erabilera areagotzeko ilusioa eta lanerako gogoa agertu dute.

Bilera nagusia amaitu ondoren, UEMA 100 udal eta hamaika gehiago, bidea zabaltzen lelopean ekitaldia egin du UEMAk Soreasu Antzokian bertan. 540 laguneko edukiera erabat bete da, eta hainbat hedabidek zuzenean eskaini dute ekitaldia.

UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela adierazi dute ekitaldian parte hartu duten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek, eta erabilerari hauspoa emateko erronkari erabaki sendoekin eta elkarlanean heldu beharko zaiola nabarmendu dute, erdaren erauntsipean euskarak bigarren mailan ez geratzeko egiturazko neurriak eta erabakiak ezinbestekoak dituela adieraziz.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak UEMAk eta udalerri euskaldunek egunero-egunero euskararen biziberritze prozesuari “sekulako ekarpena” egiten diotela adierazi du, UEMAko kide diren udalerriak etorkizuneko Euskal Herri euskaldunaren ernamuina direla gehitzearekin batera. Antzeko ideia nabarmendu du Dabid Anaut euskara teknikariak ere: “Euskal Herri euskalduna zer izan daitekeen irudikatzeko norabidea eta iparra eman digu UEMAk”.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du hitza ekitaldiaren amaieran. UEMAren sorreran alkate eta zinegotzi izan ziren aitzindariak, mankomunitatearen ibilbidean lehendakari izan direnak, gaur egungo zuzendaritza batzordekideak eta UEMAko langileak izan ditu lagun oholtzan.

Lazkanok UEMAren abiapuntua eta egindako bidea gogoratu du, emandako pausoekin eta izandako zailtasunekin batera. UEMAren eta udalerri euskaldunen ardura aipatu du: “Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia dira udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, bideak zabaltzeko ardura ere badugu udalerri euskaldunok. Baina horretarako behar dugu orube bat, euskara garatzeko aukerak, baita lege-aldetik ere“.

Azken 30 urtean euskarak izandako bilakaera soziolingustikoa gogoratu eta horren harira gaur egun udalerri euskaldunek dituzten erronkak ere aipatu ditu: “Aldaketa soziolinguistikoen ondorioz, handitzen ari da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea, eta hori ezinbestean irauli beharra daukagu, arrakala zabaldu ez dadin“. Diagnostikoan, argi hitz egin du, emandako pausoen garrantzia nabarmenduz, baina urrats berrien beharra nabarmenduz: “Udaletan badago zer egina, eta jarraituko dugu horretan, baina lehentasunak eta urgentziak beste eremu batean daude orain. Kontziente izan behar dugu horretaz. Eta mugitu egin behar dugu: inertzia erdararen aldekoa da, eta egoerak mugitzea eskatzen digu, berandu izan baino lehen, eta euskara erabat bigarren mailakoa bihurtu baino lehen”.

Herritarrek emandako ardurari erantzunez, udalerri euskaldunetako udalei, alkateei eta udal ordezkariei Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea dagokiela adierazi du amaieran, eta UEMAko kide diren udalak horretan ahaleginduko direla aurrerantzean ere, agintaldi berrian urrats sendoak emateko.

Zabaldu: