Hainbat kultur eragilek eta kolektibok irakurketa kritikoa egin dute laster erregistratuko den EAEko Hezkuntza Legeak euskal kulturaren transmisioa ez duelako bermatzen. Irakurketa www.kulturgintzan.eus webgunean dago eskuragarri, baita eginiko agerraldien zein elkarrizketa batzuen informazioa ere. Irakurketa eta kokapen horrekin bat egiten duenak atxikimendua emateko aukera ere izango du atari horretan bertan.
Hainbat kultur eragilek eta kolektibok EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua aztertu, eta, euskal kulturaren transmisioa ardatz hartuta, irakurketa kritikoa egin zuten iaz, baita irakurketa hori elkarrekin publiko egin ere, 2022ko ekainaren 15ean eta abenduaren 10ean.
Diotenez, “Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria apirilaren amaieran edo aurreraxeago erregistratuko da, antza, eta Gasteizko Legebiltzarrean eztabaida abiatzen den garairako, kultur eragileon artean egin dugun irakurketa kritikoaren aldeko atxikimenduak bildu nahi ditugu, aipatutako Legebiltzarreko eztabaida horretara euskal kulturaren transmisioaren eta kultur hezkuntzaren auziak eraman ahal izateko, ahalik eta babes handienarekin”.
Hezkuntza Legean eta curriculum berrian euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzea ezinbestekotzat dute kultur eragile eta kolektibo hauek, Hezkuntza Legearen zirriborroa irakurri eta egiaztatu dutela adierazi dute. Azaldu dutenez, bertan, “ez da bermatzen euskal kultura zehar-lerro izatea, ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza-eremu batzuetan ere. Hainbat alderdik kezkatu gaituzte: batetik, euskal kulturaren eta euskararen egoera diglosikoaren inguruko aipurik ez dago Hezkuntza Legearen kokapenean; bestetik, helburuetan ez dago euskal kulturari espresuki uztarturikorik; eta azkenik, ez dago euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzeko erakunde, organo edo funtzio iraunkorrik”.
Irakurketa kritikoa www.kulturgintzan.eus webgunean dago eskuragarri, baita eginiko agerraldien zein elkarrizketa batzuen informazioa ere. Irakurketa eta kokapen horrekin bat egiten duenak atxikimendua emateko aukera ere izango du gune horretan bertan. “Gure irakurketarekin bat egin dezakeen sortzaile, kulturgile, hezitzaile, hezigune, irakasle edo herritarrik ezagutuko bazenu, eskertuko genizuke atxikimendu kanpainaren berri ematea”, adierazi dute.
Kanpaina horren berri emateko bideo labur bat ere sortu dute: