Donostiako Koldo Mitxelena Kuturuneak ateak itxiko ditu aldi baterako

Ekainaren 16tik aurrera, KMKren eraberritze partzialerako prozesua hasiko da, eta 21 hilabetez luzatuko dira obrak. Eraikina 2025ean irekitzea aurreikusi da.

Koldo Mitxelena Kulturuneak datorren ekainaren 16an utziko dio eraikinean zerbitzu guztiak emateari eta beste egoitza batzuetara eramango ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu duenez, “21 hilabete iraungo duen eta 2025ean eraikina berriro irekitzeko aukera emango duen eraberritze prozesu partzial bati ekitea da helburua. Hobekuntza guztiei esker, espazio gehiago ireki ahal izango dira erabilera publikorako, eta eraberritze partzialaren proiektuan jasota daude. Proiektu hori, jakinarazi zen bezala, lehiaketara atera zen eta adjudikazio fasean dago. Irekita mantenduko da ikasturte bukaerara arte eta azterketa garaia amaitu arte”.

Zerbitzuen lekualdatzea

Liburuen mailegua KMKren ondora eramango da, Errege Katolikoen kalera, lehengo Komikigunera. Interneta duten ordenagailuetarako sarbidea, berriz, dokumentu digitalizatuen kontsulta eta Erreserba Funtseko dokumentuen kontsulta Villa Asunción eraikinean egingo da, Mirakruz gainean. Villa Asuncionek liburutegiko zerbitzu teknikoak ere hartuko ditu.

Bestalde, jendearentzat irekitako jarduerak (hitzaldiak, proiekzioak…) Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko ekitaldi-aretoan egingo dira. Oñatin dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak Erreserba Funtseko dokumentuak bertatik bertara kontsultatzeko aukera ere emango du.

Informazio guztia Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean kontsultatu ahal izango da.

Zabaldu: