Joseba Irazoki eta Lagunak (argazkia: Bonberenea)

Gailu, Lisabo, Audience eta Joseba Irazoki eta Lagunak taldeek Bidehuts jaialdian hartuko dute parte ekainaren 2an eta 3an

Hamahiru urteren ondoren, musika kolektiboak Hondarribia aukeratu du berriro jaialdirako eta Psilocybenean izango dira kontzertuak. Sarrerak salgai daude jada.

Bidehuts kolektiboak musika jaialdia antolatuko duela iragarri du sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean. Bost urte igaro dira bertako kideek azken jaialdia antolatu zutenetik. Gernikako Astran izan zen azken hura eta oraingoan Hondarribia aukeratu dute hitzordurako. Adierazi dutenez, “jaialdi hauek gure arteko elkartasuna lagun artean ospatzeko parada eskaintzen dute; oraingoan, egiari zor, egoera ekonomikoa iraultzen hasteko ezinbesteko jaialdia ere bada. Dramarik gabe, baina errealitatea hori da”.

Hala, ekainaren 2an eta 3an Hondarribiko Psilocybenean hartuko dute aterpe, Bidehutseko taldeez osatutako egitarauarekin.

Gailuk emango dio hasiera jaialdiari ekainaren 2an. 2021eko ekainean Begiak, egiak ba ote? lanarekin batera abiatutako biran buru-belarri jarraitzen dute. Andoaingo hirukotea Psilocybeneako oholtzara igoko den lehendabiziko aldia izango da honakoa.

Ondoren, Lisabo irundarrek eskainiko dute zuzenekoa. “Pasa den abenduan iragarri genuen bezala, taldea disko berriaren grabaketa prozesuan murgilduta dago. Diskoaren kaleratze eta aurkezpen kontzertuen datak zehazteko daude oraindik. Hau izango da diskoaren aurkezpen bira hasi baino lehenago zuzenean ikusteko aukera bakanetako bat. Bakarra ez baldin bada”, azaldu dute Bidehutsekoek.

Hurrengo egunean, ekainaren 3an, ateak 20:00etan irekiko dituzte. Jan-edana izango da: musikaz giroturiko zizka-mizkak eta kontzertuak 22:00etan hasiko dira. Gernikako  taldeak 20 urteko ibilbidea ospatuko du, denbora luze horretan ondutako errepertorio zabalean oinarritutako emanaldi batekin.

Jaialdiari amaiera emateko, Joseba Irazoki eta lagunak taldea igoko da oholtzara. “Diotenez, tornadoei izena jartzeko zerrendan hurrena Jiel agertzen omen da. Bada hori, probatu ez duenak, ez daki zer den hau!”.

Kontzertuen ostean festak Lakaxita gaztetxean izango du jarraipena.

Sarrerak salgai daude jada, Musikaze atarian. Aldez aurretik eskuratzen dutenek egun bakoitzeko 12 euro ordaindu beharko dituzte; Internet bidez saltzen ez diren sarrerak egunean bertan leihatilan egongo dira salgai, 14 euroan.

Zabaldu: