(argazkia: Galdakaoko Udala)

Udaberriko Sormene plaza apirilaren 27tik 30era izango da, Galdakaon

Aurtengo edizioak euskal kulturgintzaren zaintza izango du ardatz eta inoiz baino galdakoztar gehiagok parte hartuko dutela iragarri du antolakuntzak.

Sormeneren udaberriko edizioaren nondik norakoen berri eman dute gaur antolatzaileek, Muguru plazan egin den agerraldian. Euterpe duoaren musikaz lagunduta, Zaindu maite duzun hori lelopean udaberriko edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte, Sormeneren talde aholkulariko hainbat kidek. Hain zuzen, euskal kulturgintzaren zaintza izango da laugarren edizioaren oinarria.

Antolakuntzak nabarmendu duenez, “udaberri honetako edizioan inoiz baino galdakoztar gehiagok hartuko du parte sortzaile gisa; tailerretan arituko diren ikasleak aintzat hartuta, 200 galdakoztar baino gehiago ariko da sormen lanetan. Gainera, errepikatuko ez diren emanaldiak prestatu dira, emanaldi bakanak izango dira, beren beregi Sormenerako sortutakoak”.

Dantzaren nazioarteko egunean (apirilak 29), era askotako dantzek hartuko dituzte Galdakaoko kaleak, bertsoekin eta musikarekin batera. Kulturgintzaren komunitatean bizitzeko aldarri bat izango da.

Egitaraua

Apirilaren 20an, Sormene aurkeztuko dute eta Zizpa gazte konpartsari buruzko Iratxoa behar genuen dokumentala estreinatuko dute19:00etan, Torrezabal Kultur Etxean.

Apirilak 27an, goizean ikasleentzako tailerrak izango dira ikus-entzunezkoen inguruan. Josi Sierra galdakoztar zinemagileak Sormeneri buruzko film laburrak nola grabatu eta editatu erakusten arituko da ikastetxeetan, BideoSormene atalean. Sierrak adierazi duenez, “egunero erabiltzen duten teknologia modu sortzailean erabiltzeko deia egin nahi diegu gazteei”. Tailerrak ikasleei bideratuta egon arren, edonork hartu ahal izango du parte BideoSormenen.

Ostegun arratsaldean elkarrekin arituko dira kultur adierazpide askotako sortzaileak, Bapateko Sormene atalean; gehienak, galdakoztarrak izango dira. Bat-batean sortutako ikuskizunean parte hartuko dute Alfonso Medina, Aratxo Angulo, Beñat Armentia, Gaizka Chamizo, Garazi Arrese, Ione Ibarretxe, Karlos Aretxabaleta Txapel, Marijose Bayon, Naroa Larriba, Nerea Larrazabal eta Shakti Olaizola sortzaileek. 19:00etan izango da, Torrezabal Kultur Etxean.

Apirilaren 28an, goizean ikasleentzako arte plastikoen tailerra antolatu dute eta horma irudi ibiltaria egingo dute Santi Brouard plazan, Karmele Gorroño galdakoztar artista plastikoarekin batera. Kartoizko kutxekin osatutako horma irudia margotuko dute ikasleek. Arratsaldean, berriz, Oihana antzezlana taularatuko ute Atx teatroa, El Punto Gunea eta Itzuli konpainiek, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean.

Apirilaren 29an, Sormene Ibiltaria. 30 minutuko emanaldiak izango dira, Galdakaoko hainbat gunetan eskainiko direnak.

Apirilaren 30ean, BideoSormene rallyean aurkeztuko diren film laburren proiekzioa eta sari banaketa izango da 18:00etan, Torrezabal Kultur Etxean.

Sormeneren lau lan-ildoetatik (sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa) 2021eko eta 2022ko edizioetan transmisioa ildoan sakondu zuten. 2022ko udazkenean, Transmisioa ildoaren baitan, Amatasuna, sorkuntza eta euskara jorratu zituzten. Aurten, zaintza hartu nahi izan dute gogoetagai eta sormenerako pizgarri. Amatasunari, sorkuntzari, euskarari eta transmisioari erabat loturik baitago zaintza.

Antolakuntzak azaldu duenez, “gure jardunean, zaintzak bizirautea esan gura du. Zaindu euskara bizi dadin. Zaindu euskarazko kulturgintza bizi dadin. Zaindu gure sortzaileak eta euren lana euskarazko kulturgintza eta euskara bizi daitezen. Gure jardunean euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina transmititzea zaintza da. Gure jardunean euskaraz sortzeko grina transmititzea zaintza da”, adierazi du Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoak.

Sormene egitarua

Zabaldu: