(argazkia: Kilometroak)

Kilometroak jaiak ‘12 orduz Erriolan’ ekimena antolatuko du maiatzaren 6rako, Errenterian

Ekimenean parte hartzeko formularioa bete beharko dute euren proposamena bidali nahi duten eragileek. Horretarako epea apirilaren 21ean amaituko da. Ondoren, lantaldetik jarriko dira zuzenean harremanetan eragile horiekin. 

Kilometroak 23ren markoan, 12 orduz Erriolan ekimena antolatu dute datorren maiatzaren 6rako, larunbata. Goizeko 11:00etan abiatu eta 23:00etara euskara ardatz izango duten arte diziplina desberdinetako emanaldiak programatuko dituzte Lehendakari Agirre plazan (Linon) sortuko diren hainbat espaziotan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez ekimena parte-hartzailea izango da, “herriko, eskualdeko eta bailarako sortzaileei oholtza bat eskaintzea da gure asmoa. Margolariek, dantzariek, musikariek, kontalariek, antzezleek, malabaristek… guztiek izango dute tokia bertan”. Gainera, adierazi dutenez, “diziplinetan ez ezik, artista zein publikoaren adinari dagokionean ere aniztasuna bilatu nahi dugu”.

Parte hartzeko kilometroak.eus webguneko agenda atalean dagoen formularioa bete beharko dute euren proposamena bidali nahi duten eragileek. Horretarako epea apirilaren 21ean amaituko da. Ondoren, lantaldetik jarriko dira zuzenean harremanetan eragile horiekin.

12 orduz Erriolan ekimena Orereta Ikastolako komunitatea aurtengo Kilometroak festaren harira urte osoan zehar antolatzen ari den ekitaldietako bat da. Antolatutako programazio osoa urriaren 1ean ospatuko den jaiarekin amaituko da.

Zabaldu: