Iaz Arantzan ospatutako Bertso Eskolen Asteburua (argazkia: Bertsozale)

Iturenen izango da Nafarroako Bertso Eskolen Eguna, maiatzaren 21ean

Nafarroako gazteen Bertso Eskolek haien eguna ospatuko dute maiatzaren 21ean, Iturenen. Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute bertan.

2023ko Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Egunak badu data dagoeneko: maiatzaren 21a. Nafarroako Bertso Eskolen sareko 9 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduriko jarduera da honakoa eta aurten Iturenen izango da.

Bertsozalek zehaztu duenez, “goizean Iturengo joaldunak ezagutzeko eta haiekin solasteko aukera izango dute gazteek. Ondoren, ginkana bat egingo dute herrian eta behin amaituta denek elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldean, Gure ahots bideo motz bideo lehiaketaren baitan sortutako bideoak ikusiko dituzte eta sari banaketa egingo da. Azkenik, ikasleen arteko bertso saio batek emango dio amaiera egun osoko egitarauari”.

Bertso Eskolen egunean izena emateko hurrengo galdetegia bete beharko da, maiatzaren 11 baino lehen (galdetegian jaso dira jardueraren inguruko oharrak).

Aisialdia, transmisioaren osagarri

Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe -Negulekuak, topaketak…- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzi berezia eman nahi dio Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 150 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 24 taldetan.

Zabaldu: