Bilboko Loraldia Festibala aurkeztu dute

Gaur goizean aurkeztu dute Loraldia jaialdiaren bosgarren edizioa, Sentikariz blai! lemapean. Bilboko Festibalaren edizio honen aurkezpena egiteko antolatzaileek formatu berritzailea erabili dute tranbia erabiliz eta honek ibilbidea burutzen zuen bitartean, Ane Pikaza aurkezleak Loraldiaren programazioaren gakoak kontatu dizkie bertaratutakoei.

Bosgarren edizio honek euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan. Oraingoan, Sarrionandia eta Artze, besteak beste. Loraldia Elkartearen helburu estrategikoekin bat eginez, festibalak euskal sortzaile eta produkzioak sustatu nahi ditu eta horretarako produkzio propioak sortzen ditu, Festibalaren ondoren Euskal Herrian zehar biran has dezaten. Horrela, publiko berri eta anitzetara zabaldu nahi du kultura eta biztanleria euskal eta euskaraz sortzen den kulturara hurbildu. Lan honetan, memoria berreskuratu, iturri zaharretik edan eta ikasi eta proposamen berritzaileak sortzea du asmo.

Loraldiaren aurtengo edizioa martxoaren 12an hasiko da, Sarrionandia protagonista izango dela: Iñigo Aranbarri idazleak Sarrionandiaren literaturaren ezaugarriak azalduko ditu hitzaldi batean. Hau martxoaren 15ean burutuko den Kalaportu ikuskizunaren abiapuntua izango da eta ikuskari hau hobeto ulertzeko gakoak ezagutuko ditugu.

Egun honetatik eta apirilaren 7ra arte Bilbo eta Loraldia Festibala kultur sormenaren plaza bilakatuko dira 22 egunetan zehar. 30 kultur hitzordu biltzen ditu egitarauak. Aurten diziplina artistiko guztiek lekua izango dute, formatu berritzaileak eta lau ekoizpen propio eta estreinaldi handiak izango ditu festibalak. Guztira, ia 200 artistek parte hartuko dute jaialdi honetan.

Antolatzaileen arabera, bosgarren edizio honetan esan daiteke Loraldia Festibala sendotu eta errotuta dagoela: “sortzaileak nabarmendu eta ikusgarri jarriko ditugu beste behin ere”; Elkarteak produkzio berriak sortu ditu; eta sormen eta produkzio horiek sustatu eta ahalik eta hedatze handiena lor dezaten akordio interesgarriak lotu direla nabarmendu dute aurkezpenean. Bilboko hamabi gune ezberdinetan garatuko da Festibala: Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Bilboko Itsas adarra Itsas Museoa, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa, Bidebarrieta Liburutegia, Golem Alhondiga, Campos Antzokia Bilborock, Bira! Kultura Bilbao, eta Elkar dendak.

Egitaraua hemen.

Zabaldu: