Lehen sektoreari buruzko gogoeta egiteko erakusketa zabalik Urdaibaiko Ekoetxean

Urdaibai: bizidunekin bizia partekatzen erakusketa irailaren 3ra arte egongo da zabalik. Asmoa da nekazaritza-ekoizpenaren balioa berreskuratzea, landa-eremuari eta ekonomia zirkularraren balioa handitzea kontsumo-eredu eta ekoizpen jasangarriagoak ezarriz, eta, batez ere, kritikoak izatea eta Urdaibaiko ingurune naturala zaintzeko beharraz jabetzea.

Urdaibaiko Ekoetxeko erakusketa aretoak (negutegia) Urdaibai: bizidunekin bizia partekatzen erakusketari ateak irekiko dizkio bihartik irailaren 3ra arte. Erakusketaren helburua da publikoak lehen sektorearen egoerari buruzko gogoeta egitea, eta Campus Bizia Lab (Euskal Herriko Unibertsitatearen programa) eta ARTEKOM (trantsizio energetiko ekologikorako artea eta komunikazioa) taldeak antolatu dute.

Ekimenak bisita gidatua eta artistekin elkartzeko lau saio izango ditu. Hauek izango dira parte hartuko duten artistak: Josu Rekalde, Nerea Legarreta, Josemari Herrera, Susana Jodra, Mikel Garate, Lidia Rekagorri, Mikel Arce, Pilar Soberon eta Jose Angel Lasa. Artetik abiatuta, bizitzak eta bere aniztasunak Urdaibaiko ingurune naturalarekin duten harremana planteatu eta zalantzan jarriko dute.

Erakusketa irailaren 3ra arte egongo da zabalik, eta asmoa da “nekazaritza-ekoizpenaren balioa berreskuratzea, landa-eremuari eta ekonomia zirkularraren balioa handitzea, kontsumo-eredu eta ekoizpen jasangarriagoak ezarriz, eta, batez ere, kritikoak izan eta Urdaibaiko ingurune naturala zaintzeko beharraz jabetzea”, azaldu dute antolatzaileek.

Zabaldu: