Euskararen erabilera sustatzeko proiektuen topagune izan da Bera asteburu honetan

15 egitasmo ezagutzeko aukera izan dute bertaratuek, “inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri”. Urteko Batzar Nagusia ere egin du Euskaltzaleen Topaguneak, euskara elkarteen mugimenduaren hirugarren Kongresuaren atarian.

Euskararen erabilera eta transmisioaren sustapenean ari diren hainbat eragilek beraien egitasmoak aurkeztu dituzte Beran egin den Bidasoko Azokan.

Euskaltzaleen Topaguneak adierazi duenez, “Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako hamabost proiektuk bete dute azoka gunea. Oso eremu ezberdinetako egitasmoak izan dira aurkeztutakoak, baina helburua izan da Berara hurbildutako euskaltzale eta eragileentzako inspirazio iturri izatea eta egitasmoak beste inguru batzuetara hedatzeko pizgarri izatea”.

Euskaltzaleen Topaguneak berak antolatu du azoka Pirinioetako Lan Elkartearen laguntzarekin eta Bortzirietako Bor Bor Euskaltzaleen Mugimenduak antolatutako Borborraldia ekimenaren amaierarekin bat egin du.

Kanaldude telebistako kazetari Pantxika Maitiak aurkeztu du ekitaldia eta, besteak beste, Nat eta Watson musikarien doinuekin gozatu ahal izan dute bertaratutakoek.

Euskaltzaleen Topagunearen Batzar Nagusia

Azoka abiatu aurretik, baina, Euskaltzaleen Topaguneak aurtengo Batzar Nagusia egin du Berako Kultur Etxean. Euskal Herriko lurralde guztietako euskara elkarteak biltzen dituen federazioak 2022 urteko balantzea egin eta 2023ko plangintza onartzeko baliatu du batzarra. Batzarrean iragarri da azaroaren 18an egingo duela euskara elkarteen mugimenduak hirugarren Kongresua, hurrengo urteetan euskararen erabileran jauzi bat eman dadin norabidea finkatuko duen kongresua. Horretarako, azkenengo hilabeteetan martxan dago jadanik Batera Jauzi izeneko gogoeta prozesua, euskara elkarteetako kideak eta bestelako eragileak parte hartzen ari diren hausnarketa zabala.

Bidasoko azokan aurkeztu diren proiektuen artean daude Mintzalasai, Mintzalasai, Kirola Euskara Ahoan, Higa, Bor-Bor, Euskara Maitea, Lazarraga edota Gookapi.

Zabaldu: