Orotara 463 lan aurkeztu dira azken edizioan. A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Noa Martinez narrazioan eta Leire Garcia de Vicuña poesian gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Nahia Iturbe izan da irabazlea narrazioan eta Iraide Mitxelena poesian.
2022ko Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu dituzte Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Urtero lez, Andres Urrutia euskaltzainburuak irabazleak zoriondu ditu, eta eskatu die zaletasunari eusteko, euskara eta literaturaren mesedetan: “Jarraitu literaturaren aukerak jorratzen, gogoz eta grinaz, jarraitu euskararen baliabide literario eta linguistikoak erabiltzen zuen formazio-prozesuan, eta, nola ez, ekin eta jarrai euskararen erabilera sustatzen”.
Sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak: A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni. B mailan, berriz, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Epaileen iritziz, maila handiko lanak aurkeztu ziren iaz, eta idatzien heldutasuna eta kontakizunen bizitasuna azpimarratu nahi izan dute.
A mailako sariak
Narrazioaren alorrean lehen saria Noa Martínezek eraman du Hotza izeneko lanagatik. Epaileen ustez, “hotza eta beroa, beldurra eta lasaitasuna, larritasuna eta barea, mespretxua eta harrotasuna… Sentimendu eta sentipen kontrajarriak tartekatuz doaz istorioak aurrera egin ahala. Dena hitzez esan gabe ere dena ulertzen da kontakizun bizi-bizi honetan”.
Bigarren saria Lur Martinek eraman du Martinen istorioak lanagatik eta hirugarrena Lorea Arruabarrenak Munduari begira lanagatik.
Olerkiaren alorrean, berriz, lehen saria Leire García de Vicuñak irabazi du Bera da lanagatik. Epaileen arabera, “denborak gidatzen du gure bizitza, berak eragiten dio erritmoari, eta berak eramaten gaitu arin. Azkar doa, eskuartetik ihes egiten digu, eta guk ezin dugu ezer egin. Hori guztia, antitesia eta alborakuntza modu original eta txukunean baliatuta”.
Bigarren saria Manex Arabolazak eskuratu du Zergatik? izeneko lanagatik eta hirugarrena Iraia Arabolazak Hildakoak izenekoarekin.
B mailako sariak
Narrazioaren alorrean, lehen saria nahia Iturbek eraman du Haitzuloaren ale gorria lanarekin. Epaimahaiak azaldu duenez, “narrazio oso-oso heldua da, irudien eta hiztegiaren konbinazio aproposa erakusten duena, eta narrazio ohikoaren eta poetikoaren arteko oreka bikain mantentzen duena”.
Bigarren saria Eneko Garciaren Erorketa askean lanak eraman du eta hirugarrena Unai Mendizabalen Ohiko goiz bat lanak. Aipamen berezia egin zaio Kattin Madariagaren (Min) Malko-ri.
Olerkiaren alorrean, berriz, Iraide Mitxelenak eraman du lehen saria Denboraren txotxongilo omen gara lanarekin. Epaileen iritziz, “poema heldua da, irudi ederrak sortzeko gaitasuna erakusten duena (…) Hainbat poeta helduk gustura sinatuko lukete”.
Bigarren saria Beñat Mateosek eskuratu du Glurp, glurp lanarekin eta hirugarrena Aiala Garabietak Ura eta kalima lanarekin.