Ttan Ttakun jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute martxoaren 9tik 30era Algortako Azebarri Kultur Elkartean, bertan txalapartari buruzko solasaldiak eta eskola magistralak eskainiko dituzte.
Josep Sancho Masipek txalapartarientzako ikastaroa eskainiko du jardunaldien lehenengo egunean eta berarekin batera, Karlos Galan hasiberriei erakutsiko die txalaparta jotzen. Hil horren 12an berriz, txalaparta jotzeko topaketa irekia izango da. Hirugarren jardunaldian, ibilbidea eta etorkizunerako erronkak izenpean, solasaldia eskainiko du Hutsun taldeak.
Martxoaren 30ean, Ttan Ttakun jaialdiaren azken egunean, Iruñeako Hutsun taldea berriro izango da Azeberri kulturgunean, bertan ikastaroa eskainiko du txalapartarientzat eta Galanek berriz, hasiberrientzat. Jaialdiari amaiera emateko bazkaria egingo dute ikastaroaren ostean.
Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute 688 652 917 telefono zenbakira deituta.