(argazkia: Musika Bulegoa)

Su Ta Gar, Merina Gris, Ines Osinaga, Neomak eta Kepa Junkera Musika Bulegoa sarietako irabazleen artean

Oreka TX, Merina Gris, SuT Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalan, Enrike Solinis, Elena Setien eta Kepa Junkera talde eta bakarkariek jaso dituzte sariak. Errenteriako Lekuona Fabrikan egin da sari-banaketa ekitaldia, sarituetako batzuren zuzeneko emanaldiekin.

Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu ditu Errenteriako Lekuona Fabrikan. Orotara hamar sari banatu dira, inolako mailaketarik gabe: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Institutuak emandako bat eta EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria.

“Euskal musikaren aniztasunaren isla” izan da Lekuona Fabrikako aretoan bizitakoa, Amaia Ispizua EHMBEko ordezkariak azpimarratu duen moduan, genero, erritmo eta doinu mota ugariren ordezkari baitira aurtengo saridunak.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika-proiektu eta -proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonez osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek. Hala, sarien zazpigarren edizio honetako saridunak hauexek izan dira: Merina Gris, Su Ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalan, Enrike Solinis eta Elena Setien.

Etxepare Euskal Institutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero. Bada, aurten, Oreka TX taldeak jaso du aitorpen hori.

Aipatutako bederatzi proiektu hauetako bakoitzak, 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana jaso dute.

Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak, halaber, ohorezko sari berezia ere eman ohi du urtero. Aurten, Kepa Junkerarentzat izan da, “Euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz”. Modu honetara, musikari bilbotarraren ibilbide oparoa bera ere goraipatu nahi izan du EHMBEk, 30 disko baino gehiago argitaratu baititu hiru hamarkada baino gehiagokoren buruan. “Hunkituta bezain eskertuta” jaso du saria Junkerak.

Afrika Bibang eta Jon Gomezek gidatutako sari-banaketa ekitaldia bera mamitsua izan da, gainera. Aitortutako talde batzuk zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte. Hain zuzen, Oreka TX, Elena Setien, Enrike Solinis eta Ines Osinagaren doinuak entzun ahal izan dira. Segidan DJ Inesek girotutako koktelaz gozatu ahal izan da.

Zabaldu: