(argazkia: Mondragon Unibertsitatea)

Euskal kulturaren eragiletzan master berria aurkeztu du Mondragon Unibertsitateak

Masterraren bultzatzaileen iritziz, euskal kulturak maila askotako desafioak bizi ditu, eta horiei erantzuteko gai izango diren eragileak trebatzea beharrezkoa da. Horregatik, kultura eragileen harrobia prestatzea da masterraren helburua.

Aurtengo urrian Mondragon Unibertsitateak abian jarriko duen Euskal Kulturaren Eragiletzan master berri aurkeztu dute Eskoriatzako campusean. Bertan izan dira Nagore Ipiña, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Eneko Bidegain Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle, ikertzaile eta masterreko koordinatzailea eta masterrean parte hartuko duten eta babestuko duten bi erakundeen ordezkariak: Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria.

Bidegainek euskal kulturgintza eta eragiletzan sakontzeko dagoen premia azpimarratu du. Bere ustez, “euskararen biziberritzea ez dago hizkuntza konpetentzia linguistiko edo instrumental baten esku soilik, hizkuntza komunitate baten ardatza ere badelako, eta kultura delako ardatz horren euskarria”. Euskal kulturaren transmisioa eta Euskal Herriak euskal kultura bizitzea helburu, euskal kulturaren eragileak prestatzea estrategikotzat jo du, eta, esan duenez, urrats estrategiko horretan laguntzera dator master berria.

Bengoetxeak, bestalde, euskal kultura izanik masterraren objektua bete-betean datorrela UEUren izaerarekin gaineratu du, erakundea hasieratik herrigintzan eta euskalgintzan kokatu delako, eta azpimarratu du “master honek balio lezakeela euskal kultura hedatuko duen eragileak prestatzeko”.

Urkizak, bere aldetik, “euskal kulturaren transmisioa sustatzeak bat egiten du guztiz Eusko Ikaskuntzaren lan-ardatzekin”, gehitu du. Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren esanetan,  “Eusko Ikaskuntzak hainbat modutan egingo dio ekarpena masterrari: lurraldetasun ikuspegia eskainiz, Eusko Ikaskuntzan egiten diren askotariko proiektuen emaitzak eskura jarriz, zein kontrasterako baliatuz eta Master Bukaerako Lanak egiteko aukera eskainiz”.

Masterraren bultzatzaileen iritziz, euskal kulturak maila askotako desafioak bizi ditu, eta horiei erantzuteko “gai izango diren eragileak trebatzea beharrezkoa da”. Horregatik, kultura eragileen harrobia prestatzea da masterraren helburua. Eragile profesional horiek jardungo dute hezkuntza arautuan eta ez-arautuan nahiz udaletako edota beste erakunde publiko batzuetako kultura-arloetan.

Titulu berri hau arlo askotako graduatuentzat zuzenduta dago, baina bereziki aproposa da honako ikasketak dituztenentzat: Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako graduak, komunikazioarekin lotutako graduak (Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza, Publizitatea…), giza eta gizarte zientziak, euskal ikasketak, itzulpengintza, zuzenbidea… Hala ere, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute ez dela master itxi bat eta “irekita dagoela euskal kulturan eragiteko interesa duen edozein gradudunentzat”.

Edukiak

Masterreko gaiak sakonki landuta eta metodologia aktiboak erabilita, euskal kulturaren galdegai eta problematikei heltzera dator masterra: kultura-eragin globala metabolizatzeko moduak, transmisioa eta irekidura konbinatzeko moduak, gure sustraiak interpretatzeko sintesiak, hizkuntzaren lekua ulertzeko oinarriak, teknologiaren eraginak, komunitatea birsortzeko baldintzak, arte-arlo bakoitzaren desafioak… Masterrean jorratuko dute, besteak beste, nola antolatu kulturgintzaren transmisio ganorazkoa hezkuntza arautuan eta ez-arautuan, nola berregin herrietako eragiletza kulturaren arloan, zer oinarritatik hobetu euskal kulturgintzaren inguruko udal-politika publikoak, komunikazio-lanak edota ikerketa-bideak.

Masterrak hiru oinarri orokor izango ditu: kutur eragiletza eta transmisioa hezkuntzan; kultur eragiletza; Euskal Herriaren antolakuntza eta artikulazioa; eta ikerketa-proiektua.

Zabaldu: