(argazkia: Korterraza)

Korterraza aire zabaleko film laburren jaialdia udan itzuliko da Gasteizera eta Arabako gainerako herrietara

Kultura Kalean Elkartearen arabera, aurten 1.123 film labur jaso dituzte, iaz baino 150 gehiago. Ekainean iragarriko dituzte aurtengo egitaraua osatuko duten filmak, baina 40 lan inguru izango direla aurreratu dute.

Korterraza Gasteizko eta Arabako aire zabaleko film laburren jaialdia uda honetan itzuliko da urteko film labur nabarmenekin eta kontzertuekin. Uztailaren 20tik 22ra bitartean Gasteizen izango da hamalaugarren edizioa, Artium Museoaren kanpoko ohiko egoitzan. Arabako gainerako herrietan, berriz, ekaineko azken asteburutik irailaren hasierara arte luzatuko da.

Gasteizko edizioari dagokionez, Korterrazak hiru proiekzio jardunaldi eta sei kontzertu eskainiko ditu jaialdiaren hiru egunetan. Ondoren, abuztuan eta irailaren hasieran, Korterraza Sensibiliza eta Korterraza Txiki saioek osatuko dute programazioa. Korterraza Sensibilizak gizarte gaiak jorratzen dituzten film laburrei buruzko saio bat proposatuko du abuztuan, hau ere Artium Museoaren kanpoaldean. Korterraza Txikik, irailaren hasieran, iazko formula arrakastatsua errepikatuko du, ipuin kontaketa saio batekin eta mundu osoko animazio eskoletako haurrentzako film laburrekin. Konbinazio horrekin, 700 haur eta familia baino gehiago hurbildu ziren 2022an Zumaia plazara, Korterraza Txikiren egoitzara.

Araban, Korterrazak urteko film labur garrantzitsuenak 40 herri ingurutara hurbilduko ditu udan zehar. Kultura Kalean Elkartearen arabera, aurten 1.123 film labur jaso dituzte, iaz baino 150 gehiago. Ekainean iragarriko dituzte aurtengo egitaraua osatuko duten filmak.

Musika programazioari dagokionez, jaialdiak karteleko lehen taldea konfirmatu du. Sex Museum taldeak Korterraza Gasteizen joko du aurten.

Zabaldu: