(argazkia: Bilboko Udala)

Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’ aukeratu dute Bilboko Klasikoen XVI. Irakurraldi Jarraiturako

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurraldia ekainaren 8an izango da Arriaga antzokian.

Irakurketarako zaletasuna bultzatzeko asmoz, aurten ere Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egingo dute ekainaren 8an, Bilboko Arriaga antzokian. Hamaseigarren edizio honetarako Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberria aukeratu dute. Hala, Bilbo Zaharra euskaltegiko kideak euskal kultura zein gizarte edo kirol arloko hainbat lagun ezagunekin batera, idazlearen obra irakurtzen arituko dira, txandaka, sei orduz luzatuko den etengabeko irakurraldian. 08:00etatik 14:00etara egingo da. Bilboko Zazpikaleetan kokatutako euskaltegiaren 50. urteurrena ospatzeko ere baliatuko dutela eguna iragarri dute antolatzaileek.

Azaldu dutenez, “Kristalezko begi bat liburuaren hautaketaren helburua da, besteak beste, gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea eta klasikoetatik orainera zubia eraikitzea”.

Idazle lekeitiarrak berak irakurriko ditu lehenengo lerroak Arriagan, goizeko 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak ariko dira etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura- eta gizarte-eragileak, ikasleak, irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak, elkarteetako kideak…Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira.

Arriaga plazan ere pantaila erraldoi bat jarriko dute eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai egun hauetan.

Aurreko edizioak

Kristalezko begi bat liburuaren hautaketarekin, euskal literaturaren egungo belaunaldiari egin nahi zaio aitortza, iaz Martutene obrarekin aurreko belaunaldiari egin zitzaion bezala. Aurreko urteetan, Axularren Gero, Bizenta Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuinak eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurri ziren.

Zabaldu: