Azpeitiko Hitzaren Eskolan izena emateko epea zabalik da

Laugarren edizio hau aldaketekin dator. Laburragoa izango da oraingoan, baina lehen bezain trinkoa izateko xedez. Lau irakaslek hartuko dute parte, baina bakoitzak irakasle gonbidatu bat ekarriko du bere azken saioan, bere jarduna eta eskolarena aberasteko.

Azpeitiko Dinamoak Hitzaren eskolan izena emateko epea zabaldu du. Hiru hilabeteko iraupena izango du eskolak aurtengoan, irailaren 2tik azaroaren 18ra bitartean, eta, hilabete bakoitzeko, hitzaren adierazpide ezberdinetako irakasle-tutore bat ariko da ikasleekin: Amets Aranguren, Itziar Ugarte, Irati Gorostidi eta Joseba Sarrionandia. Saioak larunbatetan (10:00-13:00) izango dira, eta denera hamabi-hamabost laguneko talde batek jasoko ditu eskolak. Gainera, irakasle-tutore bakoitzak bere azken saiorako gonbidatu bat eramango du: Ion Celestino, Arantza Santesteban, Maider Oleaga eta Peru Magdalena izango dira laugarren edizio honetan.

“Hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau”, adierazi dute antolatzaileek. “Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin”. Eta horregatik, hain zuzen, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko dituzte eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: “hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea”.

“Hatsa da hasieran, hotsa da hurrena, hitza da gero. Hiztuna da bat, beste ezeren aurretik. Gero dator irakurle, idazle, bertsolari, kazetari, itzultzaile, zernahi izatea, baina hasieran bat hiztuna da, eta hitzezkoa da mundua. Iturri ugaritatik edaten du gero, ez hitzetik bakarrik, artetik, musikatik, zinetik, edonondik, eta bizitza bera du, azken finean, bere osotasunean, bere heldu ezinean, lanerako ekai. Baina hitza du tresna, hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bere egin behar du, mundua kontatzeko”.

“Idatzi, aldatu, ezarri, ezabatu, berridatzi, itzuli, esan, esan, eta berriz esan”. Berbaren sormen laborategi honetan, hainbat iturritatik edanez, nork bere ahotsa bilatu ahalko du, nork bere hitza.

Hitzaren eskolan izena emateko epea ekainaren 7tik uztailaren 7ra egongo da zabalik. Prezio orokorra 375 eurokoa izango da; ikasle, langabetu eta erretiratuentzat, aldiz, 250 euro balioko du.

Izena eman nahi duenak, ondorengo loturan du aukera: https://forms.gle/1Vy6DxwSrRebV4Kj9

Zalantzak argitzeko dinamoa@dinamoa.eus helbidera idatzi ahal izango dute interesa dutenek edo 635 738 760 telefonora deitu.

Zabaldu: