Aurtengo egitaraua osatzen duten lanek egungo dantza garaikidearen panoramaren ikuspegi orokorra eskainiko dute, bai Euskal Herrikoa eta baita nazioartekoa ere.
Lekuz Leku dantza garaikideko jaialdia Bilboko Abandoibarrara itzuliko da berriro ere, ekainaren 21etik 24ra bitartean. Hemeretzigarren edizio honetan, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean dagoen itsasadarraren alboko eremuan hamabost dantza-ikuskizun taularatuko dira.
Jaialdia hilaren asteazken eta osteguneko dantza-zinemarekin abiatuko da La Fundición aretoan. Ostiralean eta larunbatean, berriz, dantza kalera aterako da. Antolatzaileen esanetan, “helburua egungo dantzaren askotariko lengoaiaren lagina ohikoak ez diren espazioetara eta publiko orokor eta espezializatu gabearengana eramatea da”, horregatik hainbat agertoki izango ditu jaialdiak: Guggenheimetik Salbeko zubira igotzeko eskailerak, Pedro Arrupe pasabidea edota Evaristo Churruca kaiko nasa.
Kalean aurkeztuko den lehen pieza creAcción23 izango da. Pedro Berdäyes Dantza Sari Nazionalaren irabazleak Mutis Espaziorako egin zuen koreografia da, Matxalen Bilbaok eta Natalia Garcia Murok duela bi urte Leioan sortu zuten prestakuntza- eta sorkuntza-zentrorako. Euskal Herrikoak dira baita ere Manu Gaigne eta Jone Amezaga (Remedios Vals) eta Ethan & Cia. Kolektiboa. Azken honek Feeling The Vibe dantza urbanoa eskainiko dute.
Nazioarteko proposamenen artean, nabarmentzekoa da Italiako COB Compagnia Opus Ballet konpainia ezagunaren Behind You lana, White Room ekoizpen handiaren lagina edota Alluitz Riezu Garcia bizkaitar koreografo eta zuzendariaren De alta densidad obra. Lau dantzarik eta zeinu-hizkuntzako interprete batek osatutako lanak gure itsasoetako plastikoaren presentzia arriskutsuaz dihardu. Riezuk hamar urte daramatza Txilen bizitzen eta Valdivian, Esperimentazio Eszenikoaren Zentroa sortu du.Aurreko urteetan bezala, ikuskizuna Abandoibarrako zein puntutan izango den jakiteko, publikoak Lekuz Lekuren heliozko globo zuri handia bilatu beharko duela azaldu du antolakuntzak. Inguru horretan izango da ostiralean eta larunbatean 19:00etatik aurrera. Aire libreko piezen ostean, 21:30etik aurrera, La Fundición aretoan doako mokadu informalak izango dira publikoarentzat eta artistentzat. Gainera, larunbateko amaierako topaketan, azken ikuskizuna egingo dute aretoan bertan: Charles Brecarden Soliloquy. Kaledonia Berrian jaio eta Montrealen bizi den artista da, eta berezko teknika sortu du dantza garaikidea, dantza urbanoak eta hainbat kulturatako dantza tradizionalak uztartuz.
2023ko Lekuz Leku jaialdiko jarduera guztiak libreak eta doakoak izango dira, baita lehen bi egunetan La Fundición aretoan programatutako zinema proiekzioak ere.